Hasi da Josu Urbieta 'Pow'-ren aurkako apelazio epaiketa

Uztarria.eus 2017ko aza. 20a, 18:13

Epaileak, guztira, 19 urteko kartzela zigorra eskatu zuen azpeitiarrarentzat 2015eko abenduan. Urbietak eta Jean-Serge Nerin poliziaren hilketagatik akusatutako beste hiru kidek helegitea aurkeztu zuten orduan. Gaur hasi da auzi saioa, eta lau astez luzatuko da. Abenduaren 8ko epaiketa saiora joateko autobusa antolatu dute Azpeititik, eta dagoeneko eman daiteke izena. 

Gaur, azaroak 20, goizean hasi da Josu Urbieta Powren eta beste hiru lagunen aurkako apelazio epaiketa, Parisen. Frantziako Zigor Auzitegiak 2015eko abenduan jakinarazi zituen Jean-Serge Nerin poliziaren hilketagatik akusatutako sei kideei ezarritako kartzela zigorrak. Azpeitiarrari eta Joseba Fernandezi 16 urteko zigorra ezarri zieten. Orduko epaiak zioenez, "frogatuta gelditu da biek pistolak erabili zituztela poliziei erasotzeko". 2015eko abenduan zigortutako sei lagunetatik lauk helegitea aurkeztu zuten, tartean Urbietak. Ondorioz, akusatuen aulkian eseri beharko du berriro. Auzi saioa gaur hasi da, eta datozen lau asteetan egingo da. Saioen egutegia zehaztu gabe dago, baina ostiraletan ez da epaiketarik izango, abenduaren 8an izan ezik. Egun horretan epaiketara joateko autobusa antolatu dute Azpeititik. 

2010eko ekainean atxilotu zuten Urbieta Frantzian, eta La Santeko kartzelan preso egon ostean, Potiers-Vivonne kartzelara aldatu zuten 2014an; etxetik 486 kilometrora dago egun. 2012ko azaroaren 7an epaitu zuten Urbieta Parisen, eta ETA erakunde armatuko logistika militarreko kide izatea leporatuta, bost urteko espetxe zigorra jarri zion epaileak azpeitiarrari. 2015eko azaroaren 2an hasi zen Jean-Serge Nerin poliziaren hilketagatik akusatutako sei lagunen aurkako epaiketa. Fiskalak 25 urteko kartzela zigorra eskatu zuen Urbietarentzat, baina epaileak 16 urteko kartzela zigorra ezarri zion Urbietari. 2015eko abenduaren 2an eman zuten epaiaren berri, eta aurretik zuen beste zigor baten zatia erantsi ostean, guztira, 19 urteko espetxe zigorra ezarri zioten azpeitiarrari.

Epaiketara joateko autobusa

Urbietari "elkartasuna adierazteko", abenduaren 8ko saiora joateko autobusa antolatu dute, eta dagoeneko eman daiteke izena, Orkatzen. Autobusean joango diren lagunak, abenduaren 7an irtengo dira autobusez Parisera. Ostiralean Urbietaren epaiketara joango dira eta zapatuan, Parisko mobilizazioan parte hartuko dute. Autobusak oheak izango ditu. Prezioari dagokionez, langileek 50 euro ordaindu beharko dute, eta ikasle, langabetu eta "langile prekarioek" 20 euro. Ostiraleko gaua igarotzeko lekua ez da prezio horretan sartzen. 

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak

- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten. 
- Joseba Segurola. Lannemezan (Frantzia) preso, 269 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Josu Urbieta (Pow). Potiers-Vivonne (Frantzia) preso, 486 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatua

Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.