Iritsi dira herrira Urola Ikastolarekin truke programan parte hartzen ari diren ikasleak

Uztarria.eus | Hezkuntza | Argazki galeria
2017-11-20 14:52

Atzo, urriak 19, iritsi ziren Azpeitira Urola Ikastolarekin batera Erasmus KA219 How is to live, study and work in a foreign EU country proiektuan parte hartzen ari diren Europako zazpi herrialdetako ikasle eta irakasleak. Urolako ikasleek beren etxeetan hartu zituzten atzerritik etorritako lagunak, eta aurreneko gaua igaro ostean, gaur ekin diote prestatutako ekintzei. Goizaldean, Urolako ikasleek herri kirolak zer diren azaldu diete herrian hartutako kideei, eta horietako batzuk ezagutzeko aukera eskaini diete eskolako frontoian. Ondoren, Udalak harrera egin die, Sanagustin kulturgunean. Eneko Etxeberriak hartu du hitza aurrena, eta jarraian, herriko ikasleek Euskal Herriko hezkuntza sistemaren nondik norakoak azaldu dizkiete Azpeitira iritsi direnei. Horrez gain, truke programan parte hartu duten lagunek beren esperientziak izan dituzte hizpide. Ingelesez mintzatu dira gazte guztiak, hori baita truke prpogramaren oinarrietako bat. Trikiti eta pandero doinuz girotu dute ekitaldia, eta ondoren, mokadutxoa egin dute kulturgunean bertan. Arratsaldea Zumaian eta Zarautzen igaroko dute, eta bi herri horietan barna murgilduko dira, Euskal Herriko kostaldea ezagutzeko. 

Zapatura arte egongo dira Azpeitian Erasmus KA219 egitasmoan parte hartzen ari diren atzerriko ikasle eta irakasleak, eta bitarte horretan denetariko ekintzak egingo dituzte. Ostiralean, hilaren 24an, egingo duten jarduerak itxiko du prestatu duten egitaraua. Egun horretan, How it is to live, study and work konferentzia izango da Soreasu antzokian, eta hizlari lanetan ariko dira, besteak beste, Eneko Etxeberria alkatea eta Josu Juaristi europarlamentaria.

Truke programaren helburua da, "ikasleak atzerriko ikasleekin komunikatzea, ikertzea, ikasketa autonomoak garatzea, talde lanean jarduten ikastea, konpetentziak garatzea eta Europako aniztasuna ezagutzea".

Egitasmoan parte hartzen ari diren  ikasleek dagoeneko honako leku hauetako ikastetxeak bisitatu dituzte: Scordia (Sizilia, Italia), Aguilar de Campoo (Gaztela-Leon, Espainia), Rovigo (Venetoa, Italia), Leszo (Polonia), Tornio (Laponia, Finlandia) eta Langraaf (Herbehereak).

Ikusi argazki guztiak haundiago

 
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa