'Z U L O' film laburrak Euskal Zuzendari Onenaren Saria Eskuratu du Zinebi jaialdian

Uztarria.eus 2017ko aza. 18a, 10:56
Amancay GaztaƱaga eta Erika Olaizola saria eskuetan dutela.

Erika Olaizola azpeitiarrak eta Amancay Gaztañaga zestoarrak zuzendutako lana da, eta buruhandi baten eta gizaki baten arteko maitasun istorioa kontatzen du. 

Atzo bukatu zen Bilboko 59. Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldia, eta, guztira, 11 sari banatu zituzten, Arriaga antzokian antolatutako ekitaldian. Haien artean, Erika Olaizola azpeitiarrak eta Amancay Gaztañaga zestoarrak zuzendutako Z U L O film laburrak Euskal Zuzendaririk Onenaren Saria jaso zuen. Ez da bikote zuzendariak lan horrekin jaso duen lehen saria; izan ere, Lekeitioko Euskal Zine Bileran amateur mailako film labur onenaren saria lortu zuten.

Buruhandi baten eta gizaki baten arteko maitasun istorioa kontatzen du filmak. Aktore lanetan aritu dira, besteak beste, Zestoako antzerki eskolako kideak, tartean buruhandi protagonista den Mikel Ibarguren. Olaizola eta Gaztañaga duela urte bete inguru hasi ziren proiektuarekin, eta orain zine jaialdietako bideari ekin diote. Lana laster iritsiko da Azpeitira.