Errezildartutako azpeitiar aizkolariaren bizitza, liburu batean jasoa

Uztarria.eus 2017ko aza. 17a, 18:32
Jose Ignazio Orbegozo ‘Arria II’.aren liburuaren aurkezpena, Azpeitiko udaletxean.

Jose Ignazio Orbegozo 'Arria II'.aren biografia kaleratu dute gaur. Gentilak trilogiaren bigarren atala da, eta Joseba Urretabizkaiak idatzi du. Azaroaren 25ean omenaldia egingo diote aizkolariari.

Gustura hartu du Jose Ignazio Orbegozo Arria II aizkolariak (Azpeitia, 1945) bere biografia jasotzen duen liburua. "Norberak liburu propioa izatea oso interesgarria da, asko estimatzen dut nirekin gogoratzea. Inportantea da gauza hauek bizirik zaudela egitea, ze hildako horrek ez du ezer sentitzen. Batek hala esaten zuen: 'Hildakoan lorak-eta alferrik dituk, niri bizi naizela oparitu". Gaur eguerdian aurkeztu dute lana Azpeitiko udaletxean, Azpeitiko eta Errezilgo udaletako nahiz Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko ordezkariak bertan zirela. Han izan dira aizkolariaren senitartekoak eta liburuaren idazle Joseba Urretabizkaia ere.

Gentilak trilogiaren bigarren atala da gaur aurkeztu duten lana. Patxi Astibiaren ingurukoa da lehena, eta Miguel Mindegiaren biografia izango da hirugarrena. Urretabizkaiak idatzi ditu hiru liburuak, "Euskal Herriko kulturarekin betidanik izan duen harremanaren harira". Herri kiroletan aritzen diren hainbat pertsonari omenaldia egitea da bilduma horren helburua.

Umoretsua izan da aurkezpenaren hasiera. Nongoa ote den Arria II.a, horra hor galdera. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen arabera,"Azpeitia eta Errezilen arteko zubia" egin du aizkolariak. Arria II.ak berak, ordea, Loiola ere hor dagoela gogorarazi du. Etxeberriak, kirolariak Errezilekin duen lotura dela eta, Xebero Agirretxe Errezilgo alkateari utzi dio udaletxeko bere aulkia, eser dadin. "Guretzat ohore bat da gaur eta datorren zapatuan Errezil merezi duen tokian uztea. Gaurtik hurrengo astera arte behintzat, pixka bat errezildarrak izango gara", bota du umoretsu. Izan ere, gaur liburua aurkeztu badute ere, datorren asteko larunbatean omenaldia egingo diote aizkolariari.

Txikitatik, aizkorari lotuta

Etxeberriaren ustez, pertsona batzuk liburuetan jasotzea "ezinbestekoa" da; "gure iragana eta historia jasotzeko, eta baita nor garen jakiteko ere". Haren arabera, liburuak "justizia pixka bat" egin du aizkora nahiz herri kirol munduarekin. Errezilgo alkateak, berriz, esan du asko disfrutatuko duela lana irakurtzen, eta eskerrak eman dizkio Arria II.ari "herri kirol munduan egin duen guztiagatik". "Zuk zeuk ez dakit errezildartzat ote duzun zure burua, baina guk hala zaitugu. Asko estimatzen zaitugu Errezilen", erantsi du Agirretxek.

Aizkolariak berak ere umoretsu erantzun ditu besteen ateraldiak. "Niri askotan galdetzen didate: 'Hi nun bizi haiz?'. Neuk ba al dakit bada, tokatzen den lekuan. Galdera hori erantzutea ez da erraza, kanpoan asko ibili bainaiz: Australian hiru aldiz izan naiz, eta AEBetan, hamar aldiz. Onenen kontra aritutakoa naiz; kanadarrak, australiarrak, Zeelanda Berrikoak... izan ditut aurrez aurre. Beti ez nuen irabazten, baina denei egurra eman bai".

Egungo errealitatera etorrita, Etxeberriak Arria II.ari galdetu dio ea nola ikusten duen aizkora. Eta ez zaio erantzunik falta izan aizkolariari: "Aizkora, lehen bezala, kirtenean". Barre algara luzeen ostean, aizkolariak nabarmendu du nabaritu duela lehendik hona gauzak aldatu direla. "Orain, plazara joaterakoan eta entrenatzerakoan hartzen du jendeak aizkora, baina, gure garaian, egunero hartzen genuen. Ama beti errietan aritzen zen: 'Egurrak txikitu hitzak!'. Motozerrarrik ere ez zen orduan, eta beti aizkorarekin aritzen ginen. Hori aizkoran ikasteko inportantea da; lehenbizi jaiotzetik behar du pertsona indartsua, horretarako balio duena, eta, gero, landu egin behar da".

Datorren astean, omenaldia

Azaroaren 25ean, larunbata, omenduko dute aizkolaria, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. 19:00etan hasiko da saioa, eta ordubete inguru iraungo du. Herri kirolez gozatu ahal izango da bertan, eta txakolina eta kroketak dastatzeko aukera eze irango da.

Omenaldian bertan izango da liburuak erosteko aukera, 30 euroren trukean. Edizio mugatua da, eta 250 ale kaleratu dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz. Mendizabal erretegian ere jarriko dituzte liburuak salgai.