Histeriaren historia iluna, urrun ez dagoen egia

Urola Kostako Hitza | Kultura | Artikulua
2017-11-17 15:57

Zestoako Eromen Produkzioak taldeak Hysteria obra estreinatuko du bihar Soreasu antzokian, 21:30ean hasita. Amancay Gaztañagak idatzitako lehen antzezlana da, eta histeria femeninoa du ardatz.

‘Hysteria’ antzezlaneko une bat. (Eider Iturriaga)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Emakume baten istorioa, emakume batek kontatuta. Eta gai bat: "Errepresioa". Horixe da Hysteria, Amancay Gaztañagak idatzi eta zuzendutako obra. "Emakumeen errepresioari buruz hitz egin nahi nuen. Askotan, gai hori aipatzen dugunean, oso urrutira joaten zaigu burua, beste garai batzuetara, eta ez gara konturatzen gaur egun oraindik hor dagoela, ordutik ia ez dela ezer aldatu. Analogia hori egin nahi izan dut". Zestoan erakustaldi bat egin zuten arren, bihar estreinatuko dute obra, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan.

Analogia hori egiteko, errealitateko pasarte batetik abiatu da Gaztañaga: histeria femeninoa hartu du oinarri gisa. Baina, zer da hori? "Greziarrek deskubritu zuten gaitza da, emakumeek sufritzen zutena. Esaten zuten umetokia gorputz osoan zehar zebilen organoa zela, eta haren kokalekuaren arabera, gaitz ezberdinak sortzen zituela. Erdi Aroan, deabruak hartutako pertsonak zirela uste zuten histeria sufritzen zutenak, eta erre egiten zituzten. Gero, pertsona batetik bestera kutsatzen zela uste zuten. Ondoren, gaitz mental bat izatera pasatu zen, eta emakume pila batek bukatu zuten zoroetxean. Eta hor etorri zen Freud, esanez, agian trauma batekin zerikusia izan zezakeela gaitzak, eta histeria sendatzeko sortu zuen psikoanalisia".

"Absurdoa" dirudien arren, XIX. mendera arte mundu osoko bost emakumetik bik sufritzen zuten histeria. Eta konturatu ziren, garai hartan emakumeek sufritzen zuten errepresioaren ondorioa zela. Baina, 1900 inguruan bibragailua asmatu zuten, eta histeria erabat desagertu zen. "Hainbeste emakumek sufritzen zuten gaixotasuna, bat-batean ez zuen inork pairatzen. Eta hau erreala da".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa