Santa Zezilia ospatzeko prest daude Banda eta musika eskola

Uztarria.eus 2017ko aza. 16a, 13:20
Musika eskolako abesbatza, iazko Santa Zezilia jaialdiko emanaldian.

Bandakoek zapatuan emango dute kontzertua, Azoka Plazan. Juan Antxietakoek, berriz, musikarien zaindariaren egunerako, asteazkenerako, prestatu dituzte emanaldiak.

Santa Zezilia eguna badator eta, urtero legez, musikariak ari dira beren zaindariaren eguna ospatzeko ekitaldiak prestatzen. Azpeitian, Udal Musika Bandak eta Juan Antxieta Musika Eskolak jakinarazi dituzte aurtengorako prestatu dituzten hitzorduak.

Bandakoak izango dira goiztiarrenak. Zapatuan emango dute Santa Zezilia kontzertua, 19:00etan, eta ez ohiko gunean egingo dute emanaldia: Azoka Plazan.

Musika eskolakoek, berriz, hilaren 22rako, Santa Zezilia egunerako, utzi dituzte ospakizunak. Bitan banatuta egingo dute festa. 18:30ean, Musikalean egitasmoaren edizio berri batekin aterako dira ikasleak eta irakasleak kalera; aurten plazan elkartuko dira saioa egiteko. Kalekoa bukatuta, Sanagustin kulturgunean jarraituko du Juan Antxietakoen eskaintzak, 19:00etatik aurrera eskainiko duten ikuskizunarekin.