Urola Erdiko trikitilariek Euskal Herrian egin duten ekarpena nabarmendu dute Trikigiro hitzaldi zikloko lehen saioan

Uztarria.eus 2017ko aza. 15a, 18:29

Atzo izan zen Trikigiro hitzaldi zikloko lehen saioa, eta, bertan, Joseba Tapia, Iñigo Aranbarri eta Joxe Mari Iriondok aritu ziren hizketan, Trikitixaren euskalduntzea 70eko hamarkadan: Urola Erdiko trikitixaren ekarpena euskal kulturan izenburupean. Sanagustin kulturgunean izan zen solasaldia, 19:00etan hasita.

Ondorio nagusi bat atera zuten hizlariek: Urola Erdiko trikitilariek "berebiziko ekarpena" egin dutela Euskal Herrian, eta garrantzitsuak izan direla "euskal kulturaren pizkundean" nahiz "iruditegi kolektiboa osatzerakoan". Finean, Euskal Herriko parte handi batean erreferente edo mito bihurtu direla nabarmendu zuten.

Iriondok azpimarratu zuen Azkoiti-Azpeitiko fenomenoa "salbuespena" dela. "Euskal Herrian ez da egongo beste eremurik, bailararik edo udalerririk hain metro gutxian hainbeste soinu-jotzaile on eman dituenik". Hori dela eta, "garrantzi handia" eman zion fenomeno hori aztertzeari.

Tapiak esan zuen 1960. hamarkadako soinu-jotzaileak beraientzat "erreferente" izan direla: besteak beste, Laja, Epelde, Maltzeta, Iturbide, Landakanda... "Artista handiak izan ziren horiek, eta euskal kulturan  berebiziko garrantzia eta eragina izateaz gain, ondorengo soinu-jotzaileentzat ere erreferenteak izan dira".

Aranbarriri, berriz, deigarria iruditzen zaio 1950eko hamarkadatik 1970eko hamarkadara trikitiaren gaineko jarrera edo ikuspuntua aldatu zela, "infernuko hauspoa izatetik euskal instrumentu izatera igaro zela". Haren iritziz, trikitia "oso ondo" egokitu zen garai berrira. Era berean, Aranbarrik azpimarratzen zuen trikitia mende hasieran landa guneko zerbait zela, eta 1960-70 hamarkadetatik aurrera hiritartze prozesua bizi izan zuela. Haren esanetan, horretan garrantzia izan zuen abertzaletasun berriak eta baita garai hartan eman ziren aldaketa soziologikoek eta politikoek ere.

(Argazkiak: Trikigiro)