Oihan Amezua: "Azala oilo ipurditan duzula dena emateak ez du preziorik"

Urola Kostako Hitza 2017ko aza. 15a, 13:24
Delient taldea. Ezkerretik eskubira: IƱaki Odriozola, Haritz Amezua, Oihan Amezua eta Ibai Blanko. (Oihan Amezua)

Sormenaren erakusleiho berria den Arkupehotsak egitasmoaren barruan, zuzenekoa eskainiko du Delient talde jaioberriak ostiralean Sanagustinen, 22:00etan hasita.

Mondocaneko kide Haritz Amezuak (gitarra) eta Iñaki Odriozolak (ahotsa), Neu taldeko Ibai Blankok (baxua) eta Ezineaneko Oihan Amezuak (Azpeitia, 1984) iragana atzean utzi dute, bide berri bati ekiteko. Proiektu berriak talde bakoitzaren esentzia jasotzen badu ere, "oinarrian Mondocaneren errautsetatik sortutako proiektua" da Delient, Oihan Amezuaren hitzetan.

Mondocane, Ezinean eta Neu taldeetako lau kide elkartu zarete bide berri bati ekiteko. Nolatan?

Denbora da egunerokoan lagunak garela, eta, zeharka bada ere, gehienok jardun dugu besteon proiektuetan lanean, bideogintzan, argazkigintzan, zuzenekoetan... esku bat botatzen. Lehenago edo beranduago gertatu beharrekoa zen, eta iritsi zaigu momentua. Gainera, Haritz anaiak eta biok, musikaren munduan 17 urtez aritu ostean, aspalditik genuen gogoa halako proiektu baten bidez elkartzeko.

Esku artean duzuen proiektuak zenbat du talde bakoitzetik?

Talde guztiek eman digute maila pertsonalean disziplina hau lantzeko esperientzia. Onartu beharra dago musikalki errealitate oso desberdinak lantzetik gatozela, baina, oinarrian, Mondocane taldearen errautsetatik sortutako proiektua da.

Rockaren alderdi desberdinak landu dituzue. Zein da Delient taldearen esentzia?

Doom edo stoner rock gordina oinarri hartuta, metal edo psikodelia ukituetaraino joan gara gure konposizioetan. Hori da hasiera batean batu gintuen ideia nagusia, baina, egia da, ez gaituela asko kezkatzen estiloaren nondik norakoak. Barrenetik ateratzen zaiguna modu gordinean azaleratzen dugu, etiketetan pentsatu gabe.

Nola ondu dituzue abestiak?

Denon artean. Modu oso irekian egin dugu lan, lokalean egindako inprobisazioetatik abiatuta, bakoitzak bere ideiak taldean azalduta eta denon artean landuta. Hala ere, Haritzi [Amezua] onartu behar zaio konposizioaren pisurik handiena, askotan etxeko lanak eginda etortzen baitzaigu entseguetara.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Hemen, Delienten Automata kantuaren bideoklipa, estreinatu berria.