Odola ematearen garrantziaz jabetzeko kanpaina, abian

Uztarria.eus 2017ko aza. 15a, 11:42

Odol ateraldien "garrantziaz" jabetuta eta "gizarteko behar bat" dela ikusita, odola ematearen balioaz jabetzeko kanpaina abiatu du Domusa Teknikek. Modu horretan, enpresa bertan odola emateko aukera eskaini diete langileei, horiek beren ekarpenak egiteko erraztasunak izan ditzaten. Atzo, azaroak 14, egin zuten aurreneko odol ateraldia Domusan, eta arduradunek azaldu dutenez, "arrakastatsua" izan zen. "Guztira, 45 lagunek eman zuten odola, eta kopuru handia iruditzen zaigu. Guri ez ezik, baita Odol Emaileen Elkarteko kideei ere", azaldu dute. Atzoko hitzorduak izan zuen harrera ikusita, datozen ateraldietan ere horrelako parte hartzea izatea nahi dute.