LABen prekarietatearen kontrako ekimen ibiltaria Azpeitira iritsiko da ostiralean

Uztarria.eus 2017ko aza. 14a, 12:18

Prekarietatea hiltzailea lelopean informazio gunea jarriko dute 16:00etan, plazan. Lan duina, bizi duina ekimen ibiltaria eskualdeko hainbat herritan ere egingo du LABek.

Ostiral honetan, azaroak 17, ekimen ibiltaria egingo du Urola Kostako LABek Azpeitian, Prekarietatea hiltzailea lelopean. 16:00etan jarriko dute informazio gunea plazan. LABeko ordezkariek lan istripuak gai hartuta hainbat azalpen emango dituzte. "Azpeitiak ere gogor bizi izan du lakra hori azken aldia", azaldu dute sindikatuko kideek.

Lan duina, bizi duina ekimen ibiltaria eskualdeko hainbat herritan ere egingo du LABek. Izan ere, sindikatuak azaldu du "apustu handia" egin dutela bizitza erdigunean jarriko duen lan eredu berri baterantz borroka egingo dutela esatean. "Bizitza erdigunean jartzeko lehenengo pauso bezala, lan osasuna hartu behar dugu kontuan. Euskal Herrian dagoeneko 51 langilek galdu dute bizitza lanean edo lanerako joan-etorrian. Horietatik bederatzi gure eskualdekoak ziren, eta bost heriotz istripu izan ditugu". LABen arabera, "egoera jasangaitza" da, eta "erailketa horiek icebergaren punta" baino ez dira.