'Joseba Sarrionandia, hemen eta han' dokumentala aurkeztu du Peru Magdalenak Soreasun

Uztarria.eus 2017ko aza. 13a, 17:21

Atzo, azaroak 12, Joseba Sarrionandia, hemen eta han dokumentala eman zuten Soreasu antzokian, eta bertan izan zen ikus-entzunezkoaren sortzaile Peru Magdalena. Dozenaka lagun bertaratu zen Soreasura, Iurretako idazleaz solasten den dokumentala ikustera. Proiekzioa amaitzean, ikus-entzuleek Magdalenari galderak egiteko aukera izan zuten. Eneritz Albizu azpeitiarrak egin zituen moderatzaile lanak. 

Magdalenak dokumentala egitearen ideia nondik zetorren azaldu zuen, eta baita ikus-entzunezkoan agertzen diren gauza batzutan sakondu ere.

Joseba Sarrionandia jaiotzez iurretarra denez, han eman zuten aurrenekoz dokumentala, eta harrera "oso ona" izan zuela nabarmendu zuen Magdalenak. Azpeitia ikus-entzunezkoa eman duten bigarren lekua izan da.  Gaur, astelehena, berriro eskainiko dute Joseba Sarrionandia, hemen eta han dokumentala Soreasun, 21:00etan hasita.