Alex Berasategiren argazki bat, Munduko Argazki Kopan

Uztarria.eus | Kultura | Artikulua
2017-11-13 11:52

Publizitate alorrean lehiatuko da Berasategi, bizikleta baten argazkiari esker. Datorren martxoan izango da sari banaketa ekitaldia Australian. Argazkilariak jakinarazi duenez, ez zuen "espero" bere argazkiak aukeratzerik, baina "oso gustura" dago lorpenarekin.

Alex Berasategi argazkilaria. (Alex Berasategi)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Alex Berasategi argazkilari azpeitiarraren irudi bat 2018ko Munduko Argazki Koparako (WPC) aukeratu du epaimahaiak. Publizitate alorrean lehiatuko da Berasategi, bizikleta baten argazkiari esker. Egileak azaldu duenez, txapelketa pasatu arte ezin dute argazkia argitaratu, epaimahaiak zigortu egingo lukeelako. Datorren martxoan izango du sari banaketa ekitaldia Australian, eta Berasategiren argazkia beste egile baten irudiarekin ariko da lehian publizitate alorreko sarietan. Argazkilariak jakinarazi duenez, ez zuen "espero" bere argazkiak aukeratzerik, baina "oso gustura" dago lorpenarekin.

Azpeitiarrak esan duenez, "gustura" joango litzateke Australiara, baina, oraingoz, ez du bertaratzeko asmorik. "Federazioko norbait joango da gu ordezkatzera". Horrez gain, azaldu du "berez" bere bi argazki aukeratu zituztela finalerako: "Publizitate arloan aukeratu zituzten bi argazkiak nireak ziren, baina egile baten bi argazki ezin dira kopan aritu, eta bat hautatu dute".

Berasategi Espainiako Profesionalen Federazioko kide da, eta iaz elkarte horrek egin zuen barne txapelketan aukeratu zituzten azpeitiarraren bi argazkiak. Bi irudi haiek Ohorezko Bilduman sartu zituzten, eta horietako bat Munduko Argazki Kopan izango da Espainia ordezkatzen.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa