2018an "inoiz baino diru gehiago" izango du Udalak aurrekontuetan

Uztarria.eus | Udala | Artikulua
2017-11-13 13:17

Datorren urteko udal aurrekontuak osatzeko eta onartzeko jarraituko dituzten ildoak eta emango dituzten pausoak aurkeztu ditu gaur goizean Udal Gobernuak. Denon Artean prozesuan berrikuntza batzuk izango dira, herritarren ekarpenak jasotzeko moldeei dagokienez.

Josu Labaka, Eneko Etxeberria eta Leire Goenaga, gaurko prentsaurrekoan.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azken urteetan egin duen moduan, abenduan onartu nahi ditu Azpeitiko Udalak urte berrirako aurrekontuak. Aurrekontu horiek osatzeko eta onartzeko jarraituko dituzten ildoak eta emango dituzten pausoak aurkeztu dituzte gaur goizean Udal Gobernuaren ordezkariek. 19.500.000 euroren bueltakoa izango da Udalaren aurrekontu propioa 2018an, Eneko Etxeberrria alkateak aurreratu duenez. Horrek esan nahi du aurten baino milioi erdi gehiago izango duela datorren urteko aurrekontuak. Kopuru horietan gorabeheraren bat eragin dezake Urrestillkako bidegorriaren akordioak, oraindik ez dutelako zehaztu nola txertatuko duten Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru ekarpena. Dena den, "inoiz baino diru gehiago izango dugu Azpeitiko herriaren eta azpeitiarren beharrak asetzeko, eta herrian inbertitzeko", esan du alkateak.

"Azpeitiko Udalaren egoera ekonomikoa oso ona dela" ekarri du gogora Leire Goenaga zinegotziak, "egin den kudeaketaren, hainbat esfortzuren eta hartutako hainbat erabakiren ondorioz". 2017ko aurrekontuetan aurreikusitako proiektu eta plangintza gehientsuenak "egitera iritsiko" direla nabarmendu du. "2018rako aurreikuspenak ere onak dira diru-iturriei dagokienez, bai herritarrenak eta bai beste erakundeenak. Diru gehiago izango dugu 2018an eta, aurreko urteetan egin izan den bezala, egingo ditugun inbertsioekin herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoak indartzen eta hobetzen saiatuko gara", azaldu du Goenagak.

Ekonomia eta, bereziki, "langabeziari aurre" egiteko eta "kalitatezko enpleguaren aldeko apustua" indartzeko neurriak; Gizarte Zerbitzuetan "sakontzea"; etxebizitza beharrari erantzuteko "politika erreal bat" martxan jartzea; eta, kultura arloan, Soreasuko sormen gunea osatzeko egitera doazen "apustu sendoa" izango dira 2018ko udal aurrekontuaren lau zutabe nagusiak.

Parte-hartzetik elkarlanera

Azpeitia 2020 Plan Estrategikoan zehaztutako ardatzak, udal barruko batzordeetan jasotako ekarpen politikoak eta teknikoak, eta Denon Artean prozesuaren barruan herritarrek egindako ekarpenak izango dira, aurten ere, aurrekontuak hornituko dituzten hiru iturriak.

Udal batzordeetan "dagoeneko aurrekontua izango denaren zirriborroak lantzen hasita" daudela azaldu du Josu Labaka zinegotziak. Aurreko urteekin alderatuta, herritarren ekarpenak jasotzeko bideetan izango da aldaketarik. Denon Artean prozedura aurrekontuak osatzeko jarri zuen martxan bere garaian Udal Gobernuak, arloz arloko eta auzokako batzar irekietan oinarrituta. Urteekin, ordea, herritarren parte-hartzea eta Udalarekiko harremana modu egonkorrean egituratzea lortu dela ulertzen dute udal ordezkariek, eta urte osoan irekita dituzten komunikaziorako, eztabaidarako eta ekarpenetarako kanal horiek baliatzea erabaki dute.

"Aurrekontuen eta Udalaren helburua da herritarren beharrei erantzutea, eta horretarako ezinbestekoa da herritarrek eta herriko eragile desberdinek egiten dituzten ekarpenak kontuan hartzea. Baina, horretan ere, uste dut parte-hartzetik elkarlanerako jauzia egin dela, Udala irekitzeko ariketa bat, aurrekontuen aurreko hilabete honetara mugatu beharrean, urte osora zabaldu dena", azaldu du Josu Labaka zinegotziak. Testuingu horretan, arloz arloko aurrekontuetarako ekarpenak dagoeneko osatuta dauden mahaien eta dinamiken bidez jasoko dituzte; auzo alkateekin bilera bat egingo dute, "eta gero ikusiko da auzoetan bilera gehiago egiteko beharrik ba al dagoen, edo auzo batzuetan bai eta besteetan ez".

Aurreko urteetan bezala jarraituko duten ekarpenak egiteko iturriak ere badira: hamar bat buzoi jarriko dituzte herrian zehar –aste honetan jarri eta hamabost egunez egongo dira herritarren eskura– eta azpeitia.eus webgunean ere bai dagokion atala. Udalaren webgunean bada beste atal bat, urte osoan irekita dagoena, herritarrek beren eskaerak egiteko. "Lan txikien" atal horretan jasotako eskaerak eta haiei emandako erantzunak bildu eta argitaratu ditu Udalak, datozen egunetan banatuko du argitalpentxoa etxez etxe.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa