Maite Iriarte eta Oihana Orbegozo, Emakume Master Cup Txapelketaren finalerdietara

Uztarria.eus 2017ko aza. 12a, 15:56
Maite Iriarte eskubian, Azpeitian jokatutako kanporaketan.

Biek elkarren aurka jokatuko dute finalerdietako partida, azaroaren 19an. ETBk zuzenean emango du neurketa.

Lau eta erdiko Emakume Master Cup Txapelketaren finalerdia jokatzeko txartela eskuratu dute Maite Iriarte eta Oihana Orbegozo azpeitiar pilotariek. Atzo, zapatua, jokatu zituzten final laurdenetako partidak Lezamako pilotalekuan, eta biek egin dute aurrera txapelketan. 

Bi kategoritan banatuta jokatzen da Emakume Master Cup, Elite Mailan eta Lehen Mailan. Iriarte eta Orbegozo Lehen Mailan ari dira lehian, eta elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak finalerdietan. Horrenbestez, azpeitiar bat izango da Emakume Master Cup Txapelketaren finalean. 

Finalerako txartela lortzeko partidak, aldiz, hurrengo igandean, azaroaren 19an, jokatuko dituzte. ETB1ek zuzenean emango ditu Eliteko zein Lehen Mailako neurketak, 12:00etan hasita. Finala, abenduaren 6an izango da, Sopelan (Bizkaia).

 

Honako hau izango da finalerdietako partiden ordena:

Elite Mailan:

Leire Etxaniz - Leire Garai

Maider Mendizabal - Maddi Mendizabal

1. Mailan:

Maite Iriarte - Oihana Orbegozo

Eneritz Arrieta - Iratxe Ibarra

Txapelketaren aurreko edizioetan binakakoa izan zen lehia, baina, oraingo honetan, lehen aldiz, esku pilotariak buruz buru ari dira indarrak neurtzen.