Abere eta nekazal produktuen azokak girotu du Lasao, samartinen azken egunean

Uztarria.eus 2017ko aza. 12a, 15:01

Azken txanpan sartu dira Lasaoko samartinak. Gaur, azaroak 12, Zestoako Idiakaitz txistulari taldearen kalejirarekin ekin diote festen azken egunari. Ondoren, 11:30 aldera, abere eta nekazal produktuen azokak hartu du auzoko frontoia, eta dozenaka herritar zein bisitari hurbildu da postuetan jarritako elikagaiak eta edariak dastatzera zein erostera. Besteak beste, sagardoa, marmelada, sagarrak, askotariko ogiak, gazta tarta, intxaurrak eta barazkiak topatu dituzte azokan Lasaora bertaratu direnek. Horiek ez ezik, inguruotako baserrietako txerriak, ardiak, poniak eta oilarrak ere ikusteko parada izan dute. Festen antolatzaileek txorizo eta haragi egosi pintxoak prestatu dituzte, bertaratu direnen sabelak betetzeko eta berotzeko.

Beste urte batez, adin guztietako lagunek gozatu dituzte Lasaoko samartinak, eta hurrengo urtera arte agurtu dute hiru eguneko festa.