Mus txapelketa, zezen txikiak eta poniak, Errebaleko samartinei ekiteko

Uztarria.eus 2017ko aza. 11a, 15:36

Eguraldi tristea eginagatik ere, ez da festarako gogorik falta Errebalean, eta atzotik San Martin jaietan murgilduta dabiltza bertako bizilagunak. Bosgarren urtez jarraian, mus txapelketarekin hasi ziren festetarako prestatutako egitarauarekin atzo, azaroak 10, gauean. Pikua eta Urtzi tabernek hartu zuten txapelketa, eta dozenaka lagunek hartu zuten parte bertan. "Inoiz baino jende gehiago" animatu zela adierazi dute antolatzaileek, eta "pozez" agertu dira. 

Gaur, zapatua, eguerdian jarraitu dute prestatutako egitarauarekin. Azken urteetan bezala, 13:00etatik aurrera, gaztetxoentzako zezen txikiak eta poniak izan dira Errebalean. Aurrena, Lopene ganadutegiko zezenak atera dituzte, eta haien aurrean jarrita, beren abileziak erakutsi dituzte hainbat gaztek. Poniek hartu diete lekukoa zezen txikiei, eta haien gainean gustura asko ibili dira gaztetxoak, gurasoek lagunduta. 

Arratsaldean jarraituko du festak, helduen sokamuturrarekin. Honako hau da gaurko prestatuta duten egitaraua: 

  • 16:30ean: Sokamuturra.
  • 19:00etan: Triki-poteoa.
  • 21:00etan: Afaria Txokoa jatetxean.
  • 23:00etan: DJ Josu Rodriguez, Pikua tabernan.