Zezenketetan irabazitako 7.000 euro banatu ditu Zezenzale Batzordeak, Caritasen, Atzegiren eta Sierbetako mojen artean

Uztarria.eus 2017ko aza. 11a, 13:51

Azpeitiko Zezenzale Batzordeko kideek saninazioetako zezenketetan irabazitako diruaren zati bat banatu dute gaur, azaroak 11, Sierbak komentuan egindako ekitaldian. Agerraldian izan dira, besteak beste, Zezenzale Batzordeko lehendakari Joxin Iriarte, Atzegiko eta Caritaseko kideak, nahiz Sierbetako mojak. Guztira, 7.000 euro banatu ditu Zezenzale Batzordeak. Caritasek 4.000 euroko diru-laguntza jaso du eta Atzegik 2.000 eurokoa. Sierbetako mojek, berriz, 1.000 euro jaso dituzte.

Iriartek azaldu duenez, aurtengo zezen feria "ondo" joan da, eta horregatik, bertan irabazitakoaren zati bat Caritasen, Atzegiren eta Sierbetako mojen artean banatzea erabaki dute, egiten duten lana babesteko eta laguntzeko. "Ea datorren urtean ere dena ondo joaten den, eta hemen elkartzerik dugun", adierazi du Iriartek. Atzegiko kideek, beren aldetik, eskerrak eman dizkiete Zezenzale Batzordeko kideei, atzegizaleen izenean.

(Argazkia: Sierbetako mojak eta Atzegiko, Zezenzale Batzordeko nahiz Caritaseko kideak, gaurko agerraldian. Maialen Etxaniz)