Asteartean hasiko da Trikigiro kultur elkarteak antolatutako hitzaldi zikloa

Uztarria.eus 2017ko aza. 10a, 16:49
III. Trikigiro jaialdiko irudia. (Maialen Etxaniz)

Trikitiaren gaineko zaletasuna hauspotzera eta Urola Erdiko trikitiaren historiaren berri ematera dator solasaldi bira. Hiru asteartez jarraian eskainiko dituzte hitzaldiak, eta guztiak Sanagustin kulturgunean izango dira, 19:00etan hasita. Besteak beste, honako hizlari hauek ariko dira solasean: Joseba Tapia, Iñigo Aranbarri, Josune Arakistain, Laxaro Azkune eta Irati Aranguren. 

Urola Erdian trikitiak izan duen tradizioa "izugarrizko altxorra" dela uste dute Trikigiro kultur elkarteko kideek, eta ez dute altxor hori galdu nahi. Horregatik, lanean ari dira duela bi urtetatik, eta eskualdeko trikitiari balioa emateko helburuarekin hainbat ekintza antolatu dituzte urte amaiera bitarterako. III. Trikigiro jaialdiak izan zuen arrakastaren ostean, asteartean, azaroak 14, ekingo diote Urola Erdiko trikitiaren historian oinarritzen den hitzaldi zikloari.

Joseba Tapiak, Iñigo Aranbarrik eta Joxe Mari iriondok eskainiko dute aurreneko hitzaldia, Trikitixaren euskalduntzea 70eko hamarkadan: Urola Erdiko trikitixaren ekarpena euskal kulturan izenburupean. Tapia ariko da moderatzaile lanetan. Hitzordua 19:00etan jarri dute, Sanagustin kulturgunean. 

Bigarren solasaldia hilaren 21ean izango da, ordu eta leku berean. Egun horretan, datuak eta zenbakiak izango dituzte hizpide hizlariek, Urola Erdiko trikitixa datuetan: trikitilariak, txapelketak eta erromeriak solasaldian. Ibon Errazu arduratuko da aurkezle lanak egiteaz. Hizlariak, berriz, Irati Aranguren, Haritz Garmendia eta Laxaro Azkune izango dira. 

Hirugarren eta azken hitzaldia azaroaren 28an eskainiko du Triki Girok. Trikitixaren orainaz eta etorkizunaz mintzatuko dira, Urola Erdiko trikitixaren lorratza gaur egungo trikitilariengan hitzaldian. Sanagustin kulturgunean izango dira Josu Arrizabalaga Izer, Xabier Etxaniz eta Huntza Taldeko Josune Arakistain. Elkarrizketatzaile, aldiz, Alex Arzelus ariko da. 

Beste hainbat ideia esku artean

Hitzaldi zikloaz gain, beste hitzordu berezi bat ere lotu dute Trikigiroko eta Kulturazeko kideek: Xabi Solanok eta Jon Maiak eskainiko duten ikuskizun berezia. Abenduaren 30ean eskainiko dute emanaldia Soreasu antzokian, 20:00etan hasita. 

Hurrengo urtera begira, beste proiektu bat du esku artean Trikigirok, eta apirilaren 13an, Urola Erdiko trikitixa 60. eta 70. hamarkadetan dokumentala estreinatuko dute Soreasu antzokian.