Elkarretaratzea eta lore eskaintza, Memoriaren Egunean

Uztarria.eus 2017ko aza. 10a, 14:20

Memoriaren Eguna da gaur, azaroak 10. Hori dela eta, 12:00etan bost minutuko elkarretaratze isila egin dute Azpeitiko Udaleko bi indar politikoetako ordezkariek –EH Bildu eta EAJ–, hainbat udal langilek eta herritarrek. Elkarretaratzera batu dira Urrestillako bidegorriaren obren inguruko agerraldian izan diren Gipuzkoako Foru Aldundiko kideak.

Kontzentrazioa amaitutakoan, Udaleko ordezkariek lore sorta bat jarri dute Errepublika garaiko azken Udal korporazioa oroitzeko jarritako plakaren parean, sanagustinpean. 2014. urtean egin zuten hura jartzeko ekitaldia.  

Udalaren hitzetan, "egunero da etorkizunera begiratzeko" eguna: "Gaurkoa ere bizikidetzaren aldeko apustua indartzeko beste egun bat da". Erakundearentzat "oroimenean oinarritu behar diren bakea eta bizikidetza" lortzea  "lehentasuna" da, "biolentzia ezberdinak jasandako sufrimendua aitortuz eta oroimenarekin eraiki nahi dugu etorkizuna, inor baztertu gabe". Udalak azaldu duenez, "ezin" dute iragana aldatu: "Baina etorkizuneko lezio sakonak atera daitezke, errespetuarekin aritu gaitezen gaurko egunaz eta egunero".