Joseba Ortega: "27. aldiz egingo dut Behobia, eta ez daukat iraungitze datarik"

Urola Kostako Hitza 2017ko aza. 10a, 13:05
Joseba Ortega lasterketa batean. (Alberto Beloki)

Behobia-Donostia lasterketa 27. aldiz egingo du Joseba Ortegak igandean. Hogei kilometroko ibilbidea ordu eta erdi azpitik egitea nahi du. Kezka sortzen dio kirolean sortu den lehiakortasunak.

Ez da zenbaki makala: 27. aldiz egingo du Behobia-Donostia Joseba Ortegak (Eibar, Gipuzkoa, 1966). Egun, Azpeitian bizi da, eta 1988an egin zuen lehenengoz lasterketa. 1997-1998 inguruan egin zuen azkarren proba: ordubete eta zortzi minutuan amaitu zuen hogei kilometroko ibilbidea. Lasterketa bera hainbeste urtetan egin badu ere, iganderako “ilusioz” dagoela dio. Eguraldi txarra dago emanda; “euria, haizea eta hotza” egingo du. Esfortzuaren osteko “bazkari ederrak”, ordea, dena konpontzen du.

22 urterekin egin zenuen lehen aldiz Behobia-Donostia. Nola oroitzen duzu egun hura?

Garai hartan, bizikletan ibiltzen nintzen, eta denboraldia amaitzean, korrika pixka bat egiten nuen. Orduan, Donostiako maratoia urrian egiten zen, eta uztaila-abuztuan lagun batzuek erabaki genuen lasterketa hura egitea, besterik gabe. Egin genuen, eta gustatu zitzaigun. Gero, Behobia etorri zen, eta esan genuen: “Maratoia egin badugu, Behobia ere egingo dugu!”. Asko prestatu gabe egin genituen bi probak, egia esan. Orduan ez ginen prestatzen orain bezala.

Lehen aldi hartan, ondo bukatu al zenuten lasterketa?

Bai, urte askoan kirola eginda, fisikoki dezente ondo geunden, eta ibilbidea nahikoa erraz amaitu genuela esango nuke. Ordubete eta hogei minutuan bukatu genuen; ondo.

Jende askori ez zaio Behobia-Donostia gustatzen. Zuk ez duzu halakorik esango, ezta?

Batzuei itogarria egiten zaie, jende asko irteten delako. Egun, 30.000 pertsona-edo ateratzen dira, eta, lehen, ez zen hainbeste jende irteten; agian, 8.000 lagun edo. Dena den, oso ondo prestatuta dago proba, erraztasun asko ematen dituzte antolatazaileek. Urtero hobetzen dute antolaketa, eta niri horregatik gustatzen zait. Gainera, esango nuke egin beharreko lasterketa hori dela Behobia. Hurrengo egunean egunkarian ateratzen zara, mundu guztiak hitz egiten du lasterketaz…

Erritual bat bihurtu da ia-ia?

Bai, bizikletan Quebrantahuesos bezala. Erreferente bat da.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke.