Corrado Masacci: "Harizko txotxongiloei zaien miresmena ez da sekula itzali"

Gipuzkoako Hitza | Kultura | Artikulua
2017-11-10 11:12

Hirugarren urtez jarraian, Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan erabat murgilduta dabil sortzaile italiarra. Ia bizitza osoa darama imajinatzen dituen irudiei gorputza eta bizia ematen. Gipuzkoako Hitzan elkarrizketatu dute Masacci.

Corrado Masacci txotxongiloekin. (Maialen Etxaniz)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Corrado Masacciren (Ravena, Italia, 1952) azken erakusketak geldialdia egin du Azpeitian, eta hantxe egongo da azaroaren 17ra arte. Artista italiarrak Ondarroan (Bizkaia) duen tailerrean ematen die bizia surrealismoz eta metaforaz jantzitako irudiei.

Zer dela-eta hasi zinen harizko txotxongiloak egiten?

Txotxongiloekin hasi aurretik, arte ederrak landu nituen institutuan. Txikitatik atsegin izan ditut pintura, eskultura, musika eta antzerkia. Ez nintzen gai bat edo beste aukeratzeko, guztiak atsegin nituen. Txotxongiloetan aurkitu dut modua afizio horiek guztiak batzeko. Gainera, komunikatzeko tresna ederra direla ikusi dut, arte bizi-bizia da txotxongiloena. Hogei urte nituela ekin nion panpinak sortzeari, eta emanaldiekin hasi nintzen gero Italiako hainbat txokotan. Euskal Herrira, berriz, 1982an etorri nintzen, eta bide beretik jarraitu nuen hemen ere.

Laugarren urtez zaude Azpeitian, Euskal Antzerki Topaketen barruan. Zerk lotzen ditu antzerkia eta txotxongiloen mundua?

Praktikan, lengoaia bera dute bi diziplinek. Antzerkiaren lengoaia ezagutu behar da txotxongiloak egiteko, eta hori ikuskizunetara nola eraman asmatu behar da. Txotxongiloekin zailagoa da mezua ikus-entzuleari helaraztea, mugimenduak oso mugatuak baitira. Horregatik, antzerkian bezala, ezinbestekoa da mugimenduak menderatzea. Aldi berean, ikuslearen arreta nola bereganatu pentsatu behar da, ikusleak obrari lotuta geldi daitezen.

Txotxongiloen ametsak erakusketa ekarri duzu Azpeitira, baina, aurrez, beste batzuk ere jarri izan dituzu ikusgai.

Txotxongiloak eta artea izeneko erakusketa bat prestatu nuen aurrena; Zirkua eta txotxongiloak zuen izena bigarrenak; kulturaniztasunaren aberastasuna erakutsi nahi zuen hirugarrenak; erakusketako protagonistak igelak ziren laugarrenean, era guztietako igelak… Izan ere, umeei asko gustatzen zaizkie animaliak, eta erakarri egiten dituzte. Txotxongiloen ametsak da oraingo erakusketaren izena, eta orain arteko bereziena hauxe dela esan daiteke.

Elkarrizketa osoa Gipuzkoako Hitzaren webgunean irakur daiteke.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa