Lynn Hillen bizitzaren zertzeladak, lehen pertsonan

Uztarria.eus 2017ko aza. 10a, 12:31

Eskaladazaleek eta mendigoizaleek hitzordu berezia izan zuten atzo, azaroak 9, Soreasu antzokian. Eskaladaren munduan mitoa den Lyn Hillek hitzaldia eskaini zuen, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik bertaratu ziren ehunka lagunen begiradapean. 21:30ak jota hasi zen Hill bere bizitzaren inguruko xehetasunak azaltzen, pantaila handia lagun zuela. Bertan, haurra zenetik azken lorpenak lortu arteko irudiak proiektatu zituen eskalatzaileak, gaztelerazko azpitituluez lagunduta. 

Urteak dira Hillek maila profesionalean lehiatzea utzi zuela, baina haren bizibideak eskaladara lotuta jarraitzen du. Gaur egun, mendi gidaria da, eskalada tekniken inguruko bideo bat ari da lantzen eta eskalada eskolak ere baditu.

Azpeitiko Sokaitz eskalada taldeak, Lagun Onak mendi bazkunak eta Kulturaz kooperatibak elkarlanean antolatu zuten hitzaldia, eta amaitzean oroigarria eta lora sorta bat eman zioten esatubatuarrari. Hillek Euskal Herrian eman duen solasaldi bakarra izan zen atzokoa, eta datozen egunetan Espainiako beste hainbat txokotan jarraituko du hitzaldi birarekin.