Jonathan Terron, jiu-jitsuko Europako txapeldun

Uztarria.eus 2017ko aza. 10a, 11:31
Benidormen jokatutako txapelketaren podiuma. Erdikoa da Terron. (J.Terron)

Urriaren 28an jokatu zuen Europako II. Brazilian Jiu-Jitsu Txapelketa Benidormen, eta txapeldunaren tituluarekin itzuli zen handik. 

Jiu-jitsuko Europako txapelduna da Jonathan Terron Azpeitiko bizilaguna joan zen urriaren 28a geroztik. Ikasketa kontuengatik, afizioa alboratu behar izan zuen Terronek, baina aurten berriro ekin dio txapelketei, eta emaitza ezin hobeagoak lortuta, gainera. Izan ere, Azpeitiko bizilagunak Benidormen jokatu zen Europako II. Brazilian Jiu-Jitsu Txapelketan lehiatu zen, eta Europako txapeldunaren tituluarekin itzuli zen handik. Master 2 mailan nagusitu zen Terron, 85 kilo azpiko kategorian zein kategoria absolutuan –pisu guztietako kirolariak aritzen dira maila horretan. Guztira, 13 orduz aritu zen lehian.

Ez da Azpeitiko bizilagunak titulu bat poltsikoratu duen aurreneko aldia. 2004. urtean Espainiako txapeldun izendatu zuten jiu-jitsu tradizionalean. Urte berean, bosgarren postua lortu zuen Europako Txapelketan eta zazpigarren sailkatu zen mundu mailakoan. Urte gutxiren buruan Euskadiko txapeldun ere izan zen. Europako txapeldunak azaldu duenez, guztira, 40 bat domina eskuratu ditu bere ibilbidean zehar. 

(Terron gerriko horiarekin, Europako Txapelketan)

15 urte zituela hasi zen Terron Jiu-jitsua praktikatzen. "Betitik gustatu izan zaizkit arte martzialak, eta probatzera animatu nintzen. Entrenatzen hasi eta hilabetera aurreneko txapelketara eraman ninduten, nire irakasleak ondo moldatzen nintzela ikusi zuelako", azaldu du txapeldunak. Era berean, judoa egiten eta korrika ere hasi zela kontatu du: "Egunean 4 ordu entrenatzera iritsi nintzen". Entrenatuta eta bizi eredu osasuntsuaz lagunduta, iritsi zen aurreneko titulua eskuratzera, 2000. urtean. Haren ostean iritsi ziren hurrengoak. 

Orain, haibat proiektu ditu buruan; horien artean, Azpeitian jiu-jitsu eskola bat martxan jartzea. Dagoeneko dozena inguru ikasle ditu, eta horietako bat da Ainara Torvisco azpeitiarra. Torviscok kick boxing-eko Espainiako Txapelketa irabazi zuen 2015ean. Uztarriak elkarrizketa egin zion urte hartako abuztuko aldizkarian.