Astelehenean zabalduko dute Kirol Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2017ko aza. 9a, 19:33
Iazko Kirol Sarietako ekitaldiko irudia.

Udalak eta Kirol Mahaiak hiru sari banatuko dituzte, eta horietarako hautagaiak edozein herritarrek proposatu ahal izango ditu, azaroaren 13tik 20ra arte. Behin hautagaiak ezagututa, horiei botoa emateko epea zabalduko dute, azaroaren 22an.

Azpeitiko Udalak eta Kirol Mahaiko kideek astelehenean, azaroaren 14an, zabalduko dute aurtengo Kirol Sarietarako hautagaiak proposatzeko epea. 

Guztira, hiru sari emango dituzte abenduaren 16ko ekitaldian: urteko kirolariaren saria gizonezkoen kategorian (norbanakoak edo taldeak izan daitezke); urteko kirolariaren saria emakumezkoen kategorian (norbanakoak edo taldeak izan daitezke) eta urteko aipamen berezia, boluntario lanean aritu direnentzat (norbanakoak edo kirol lagun taldeak izan daitezke). 

Hiru sarietarako hautagaien proposamenak edozein herritarrek egin ahalko ditu: bai norbanakoek eta bai herriko klubek ere. Hautagaiak azaroaren 13tik hilaren 20ra bitartean aurkeztu beharko dira, Kirol Sailean, kirolak@azpeitia.eus emailera idatzita, 943-15 00 95 telefonora deituta edota udaletxeko sarreran proposamena idatziz utzita.

Hautagaia aurkezten duenak, kirolari edo talde hori zergatik proposatzen duen azaldu beharko du. Udalak azpimarratu du, "kirol emaitzez gain, bestelako balio eta merituak ere kontuan hartzea garrantzitsua dela proposamenak egiterakoan".

Boza, aukeraketarako 

Klubek eta herritarrek proposatutako hautagaiekin zerrenda bat osatuko dute Udalak eta Kirol Mahaiak, eta ikusgai jarrik dute, ondoren herrritarrek nahi dutenaren alde boza emateko. Azaroaren 22tik 30era bitartean egongo da botoa emateko aukera. Herritarrek igerilekuan jarriko duten boto kutxan eman dezakete boza, baita kirolak@azpeitia.eus emailera idatzita, 943-15 00 95 telefonora deituta ere. Kirol klubek, aldiz, Kirol Sailarekin jarri beharko dute harremanetan. 

Epaimahaia abenduak 4-7ko astean bilduko da, jasotako proposamenetan oinarrituta, 2017ko Urteko Kirolaria aukeratuko du nesken kategorian zein mutilenean. Bestalde, Kirol Boluntarioa izendapena nork lortuko duen ere proposatuko du. 

Kirol Sariak abenduaren 16an banatuko dituzte, 12:00etan udaletxean egingo duten ekitaldian.