Eli Moreno: "Bullyingari aurre egiteko komunitatearen inplikazioaren beharraz konturatzea eta aurre egiteko estrategia desberdinak ezagutzea da helburua"

Uztarria.eus 2017ko aza. 9a, 12:49

UEUk eta Azpeitiko Udalak 'Bullyingaren mugak gainditzen' jardunaldia antolatu dute azaroaren 24rako Azpeitian. "Bullying-ari aurre egiteko egiten ari denaren argazkia jasotzeko" aukera izango da Eli Moreno Carrillo jardunaldiko arduradunaren esanetan, eta gaineratu du, behin argazkia eta kontaktuak izanda, "sareak sortzeko eta lan ildo desberdinak irekitzeko aukera" egon daitekeela.

Bullying eta cyberbullyingaren definiziotik eta prebalentziatik abiatuko zarete. Zein helbururekin?
Azken urteetan bi gai hauek pil-pilean dauden gaiak dira, gero eta kasu gehiago salatzen dira eta hala ere adituek iceberg-aren punta bakarrik ikusten ari garela diote. Beste batzuen iritziz aldiz, beti gertatu da eta gaur egun begi-bistakoagoa dela diote. Honez gain, badirudi esku hartzeko orduan zailtasunak izaten ditugula bullying-aren tratamendua eman behar diogun jakiteko ala ez eta nortzuk esku hartu behar duten erabakitzeko. Zailtasun hauek alde batera utzita, denok ados gaude bullying-a izan ala ez, bizitzen ari den/diren pertsona horiek sufrimendua dutela eta sufrimendu hori desagertzen ahalegindu behar garela. Azken finean sufrimendua inplikatuta dauden guztientzat baita, ez bakarrik zuzenean inplikatuta daudenentzat, baizik eta familiak, lagunak… ere. Ondorioz, jardunaldi honen helburuak Bullying-ari aurre egiteko komunitatearen inplikazioaren beharraz konturatzea eta aurre egiteko estrategia desberdinak ezagutzea da, bai prebentzio mailan baita detekzioaren ondoren ere, hau guztia ikuspegi komunitario bat emanez.

Jardunaldia Azpeitian izango da eta, besteak beste, herriko ikastetxe desberdinetako programek euren lekua izango dute.
Azpeitiko ikastetxeek ere beraien lekua izango dute jardunaldian eta beraien ikastetxeetan aurrera eramaten diren programak eta protokoloak azaltzeko. Guztiak ari dira buru belarri gai honi aurre egiteko nahiarekin, beraien ikastetxeetan Bullying-ak lekurik ez izateko. Polita izango da ikustea, nola hirurek bat egiten duten helburuan estrategia edo eta metodologia desberdinak erabiliz. Gainera, askotan, ikastetxeek isilean egiten duten lana izaten da eta garrantzitsua da herrira zabaltzea egiten ari diren esfortzua eta sentitzea denok bat egiten dugula Bullying-aren aurrean.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen UEUren webgunean.