Ireki dute Urkome Sarietarako Internetez botoa emateko epea

Uztarria.eus 2017ko aza. 9a, 12:32

Sariketako epaimahaiak zortzi proiektu aukeratu ditu boz bidezko sari horretarako hautagai gisa. Edonork dauka zortzi horien artean nahi duenaren alde botoa emateko aukera Urkomeren webgunean. Azaroaren 29an itxiko da boza emateko epea.

Jakinarazi dituzte V.Urkome Sarietan boto bidez aukeratuko den sarirako zortzi hautagaiak: La oveja Latxa, Tokiko basalandareekin egindako artisau produktuak eta formazioa/esperientziak, Haziak lau haizetara zabaltzen, Tidore, Denda eredu berri bat, Red de productores locales para la comercializacion directa de semilla ecologica, Sanazio natural osoa eta garapena, Oreka nutrizionala zientziaren eskutik eta Elikadura eta burujabetza.  

Sari irekia aukeratzeko, azaroaren 29a bitartean eman daiteke boza, Urkomeren webgunean. Sari banaketa azaroaren 30ean, San Andres egunean, Azkoitiko Udal Pleno Aretoan egingo da.

Urkome Sarien aurtengo edizioan ere sei sari banatuko dituzte orotara, honako atal hauetan banatuta: nekazaritza jardueraren sustapena; landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapena; landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatzea; landa eremuko balioaniztasuna agerian jartzea; Iraurgi Berritzenek eta Urola Kostako Udal Elkarteak elkarrekin emango dutena eta Sari Irekia. Azken hori da boz bidez erabakiko dena.  

Sariei dagokienean, lehenengo bost ataletan, bakoitzean 2.000 euro banatzea aurreikusten du Urkomek. Seigarren atalean, aldiz, eskualdeko produktu sorta bat banatuko dute.