Unai Beristain: "Lehietan aritzeak fisikoki prestatuta egotea eskatzen du, gogor entrenatzea"

Urola Kostako Hitza 2017ko aza. 8a, 18:46
Unai Beristain moto gidaria. (Julene Frantzesena)

Enduro modalitateko moto lasterketetan parte hartzen du Unai Beristainek (Azpeitia, 1996). 23 urtez azpikoen Euskal Herriko Txapelketa irabazi du aurten, eta joan zen asteburuan munduko enduro extrem lasterketa batean parte hartu zuen. Parte hartu bakarrik ez, 22. postuan sailkatu zen azpeitiarra. "Gustura" dago lortutakoarekin.

Zer egin behar izaten duzue enduro probetan?

Ibilbide jakin bat izaten dugu, eta denbora hartzen digute aurrena. Gero, erlojupeko proba izaten da mendian, eta gutxieneko denbora egin behar izaten da ez zigortzeko. Hirutan egiten dugu mendiko zatia, eta denbora onena egiten duenak irabazten ditu probak.

Noiz hasi zinen enduro modalitatean?

Lanean hasi orduko. 18 urte egin, gidabaimena atera, eta… 16 bat urterako erosi nuen motoa; izan ere, gaztetatik daukat motoan ibiltzeko afizioa. Gainera, banuen moto probetan ibiltzen zen lagun bat, eta haren bidez hasi nintzen lehiatzen duela hiru urte. Euskal Herriko Txapelketan, 23 urtez azpikoen mailan, azpitxapeldun egin nuen, eta lorpen horrek segitzeko grina piztu zidan. Orain bi urte, gazteen mailako txapelduna izan nintzen, eta aurten ere bai. Datorren urtean ja seniorretan ariko naiz; aldea badago maila batetik bestera.

Zer erronka dituzu datorren urtera begira?

Euskal Herriko Txapelketan ariko naiz, baina argi dut ezingo dudala txapela irabazi. Izan ere, maila oso altua egongo da. Dena den, lehen hamarretan sartzen saiatuko naiz. Bestalde, tarteka, enduro extrem probetan parte hartzen jarraituko dut.

Nola prestatzen zara probetarako?

Ahal den lekuan ibilita. Ez da oso ondo ikusita dagoen kirola, eta etxe inguruan, mendian, ibiltzen gara bueltaka. Tarteka zirkuitu batzuetara ere joaten gara lagunak, pixka bat entrenatzera. Baina hemen inguruan ez daukagu zirkuiturik prestatzeko, eta Bizkaira edo Arabara joaten gara. Gipuzkoatik irten egin behar da.

Elkarrizketa osoa Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke.