Kataluniari babesa adierazteko bi mozio onartu ditu Udalak

Uztarria.eus 2017ko aza. 8a, 12:00

EH Bilduk aurkeztutakoa aldeko hamabi botorekin eta bost abstentziorekin onartu zuten; Udal Gobernuko hamar kideek eta EAJren bi zinegotzik egin zuten alde, eta gainerako bost zinegotzi jeltzaleak abstenitu egin ziren. EAJk aurkeztutakoa, berriz, aho batez onartu zuten.

Hauek dira, osorik, atzo azaroko ohiko udalbatzarrean Kataluniako gertakarien gainean onartutako bi mozioak:

EH Bilduk aurkeztutako mozioa:

"Katalunian jazotzen ari diren gertakari historikoen aurrean Azpeitiko Udalak honakoa adierazten du:

1- Azpeitiko Udalak aitortza, errespetua eta afektua erakutsi nahi dizkio Kataluniako errepublikari.

2- Exijitzen du Kataluniako herritarren borondatea errespetatzeko; behin eta berriro hautestontzietan, modu demokratikoan, adierazi dutena.

3- Zorionak ematen dizkie Kataluniako herritarrei, gizarte eragileei, erakundeei eta alderdi politikoei. Eta modu berezian azken urteetan Giza Eskubideak, bakea, demokrazia eta askatasuna defendatuz izugarrizko ausardia eta konpromisoa erakutsi duten hautetsi guztiei. Eredu dira guretzat.

4- Eskatzen du, libre uzteko berehala Generalitateko agintari legitimo diren Oriol Junqueras presidenteordea, Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva, Joaquim Forn, Carles Mundo, Santi Vila, Dolors Bassa eta Meritxell Borras. Jordi Sanchezek eta Jordi Cruixartek ere kalean behar dute. Horiez gain, Carles Puigdemont lehendakariaren eta Antoni Comin, Clara Ponsati, Meritxell Serret eta Lluis Puig kontseilarien aurkako neurririk ez hartzeko ere eskatzen du.

5- Aldarrikatzen du Estaturik gabeko nazio guztiek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea. Horregatik, eskatu nahi die euskal alderdi politikoei akordio batera iris daitezela eskubide hori legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren autogobernu ponentzian jasotzeko.

6- Adierazpen hau Kataluniako Generalitatera, Kataluniako Parlamentera eta Kataluniako Independentziaren aldeko udalerrien elkartera (AMI) igorriko du Udalak".

EAJk aurkeztutako mozioa:

"1.- Azpeitiko Udalak, Parlamentak pasa den urriaren 27ko bilkuran, Kataluniaren burujabetasuna eta prozedura eratzaileari buruz hartutako erabakiak, errespetatzen eta laguntzen ditu.

2.- Azpeitiko Udalak, Estatuko Gobernuak Kataluniako erakundeen ordezkaritza eta autogobernu gaitasuna mozten, eta Kataluniako herriaren berezko eskubidea den hori egiletsitako karta batean bilakatzen duen Espainiako konstituzioaren 155. artikuluaren babesean hartutako salbuespen kontrol neurri guztiak, gaitzesten ditu.

3.- Azpeitiko Udalak adierazten du, soilik Kataluniako gizarteari eta bere berezko ordezkari instituzionalei dagokiela euren etorkizuna erabakitzea, soilik bide baketsu eta demokratikoak erabiliz".

Errazkinen gaineko adierazpena, atzeratuta

Atzoko osoko bilkuraren lan zerrendan aurreikusita zegoen beste adierazpen bat lantzea, Iñaki Errazkin alkate ohiari babesa adierazteko. Udalbatzarra hasi aurretik iragarri zuten, ordea, lan zerrendatik kendu eta beste batean eztabadaitatzea erabaki zutela.