Patxi Isasmendi eta Eneko Alberdi xakelariak, mailaz igotzeko atarian

Uztarria.eus 2017ko aza. 6a, 15:32

Gipuzkoako Xake Txapelketako bigarren mailako azken jardunaldiaren atarian, sailkapen orokorrean bigarren postuan dago Isasmendi. Alberdik, aldiz, lehia estua du aurretik. Izan ere, laugarrena da sailkapenean, hirugarrenarekin eta bosgarrenarekin berdinduta. 

Gipuzkoako Xake Txapelketa azken txanpan da. Bosgarren jardunaldiaren atarian, mailaz igotzeko aukerak dituzte bigarren mailan lehian ari diren Patxi Isasmendi eta Eneko Alberdi xakelariek. Zapatuan, azaroaren 4an, jokatu zuten sariketaren hirugarren jardunaldia Baigerako laugarren solairuan, 16:00etan hasita. 
 
Absolutu mailan, Aitor Priya azpeitiarrak Carlos Berdote izan zuen parez pare, eta hura mendean hartzea lortu zuen. Bigarren mailan, Patxi Isasmendi eta Eneko Alberdi azpeitiarrei elkarren aurka aritzea egokitu zitzaien. Azkenean, ez batak ez besteak ez zuten garaipena eskuratu, eta berdinketarekin amaitu zuten partida. Xabier Altunak, bere aldetik, galdu egin zuen Markel Kerexeta elgoibartarraren aurkako partida.
 
Hirugarren mailan, denetariko emaitzak lortu zituzten azpeitiarrek. Bigarren mailan bezala, bi taldekidek elkarren aurka aritu behar izan zuten laugarren jardunaldian, Gorka Urangak eta Markel Zubimendik, hain zuzen. Urangak irabazi zuen partida. Aitor Elustondok berdinketa lortu zuen Imanol Larrañagaren aurka jokatutako partidan. Aldiz, Osama Maraguik, Julen Urangak eta Juan Carlos Fernandezek ez zuten beren partidak irabazterik izan.
 

Maila igoera, eskura

Hurrengo astean jokatuko da bosgarren jardunaldia. Gipuzkoako Xake Txapelketako araudiak dioenez, maila batean 15 jokalari edo gutxiago izanez gero, maila horretan bost jardunaldi izango ditu sariketak. Aurten, hori gertatu da txapelketako bigarren mailan. Horrenbestez, Patxi Isasmendik aukera ugari ditu sailkapen orokorrean aurreneko hiru postuak eskuratzeko, eta modu horretan, mailaz igotzeko. Izan ere, azken jardunaldia jokatzearen atarian bigarren sailkatuta dago Isasmendi. 
 
Eneko Alberdi ere maila igoera lortzeko atarian dago, baina lehia estua du aurretik. Bosgarren jardunaldiaren faltan, laugarren sailkatuta dago Alberdi, bigarren eta bosgarren sailkatuekin berdinduta. Azken txanda jokatu ostean puntu gehien dituzten hiru xakelariek lortuko dute mailaz igotzeko txartela.
 
Hurrengo eta azken neurketan, Patxi Isasmendi hirugarren sailkatuta dagoen Xabier Ruizen aurka arituko da. Eneko Alberdi, aldiz, zortzigarren sailkatuta dagoen Mikel Fidalgo elgoibartarraren aurka jokatuko du. Xabier Altunak, berriz, Oier Etxebeste arrasatearra izango du parez pare. 
 
Azpeitiar xakelariak beste partida bati begira ere egongo dira zapatuan. Izan ere, aurreneko postuan dagoen Jaime Arocena getariarra bostgarren sailkatuta dagoen Mikel Leon elgoibartarraren aurka ariko da. Neurketa horretako emaitzak eragina izango du azpeitiarren saikpanenean, mailaz igotzeko aukerak emango edo kenduko baitizkie.