Herriko hiru pilotarik aurrera egin dute Emakume Master Cup txapelketan

Uztarria.eus 2017ko aza. 5a, 14:01

Emakume Master Cup Txapelketak hartu zuen atzo Frontoi Txikia. Bi kategoriatan banatuta jokatzen dute txapelketa: Elite eta Lehen Maila. Azpeitian, Lehen Mailako txapelketari dagozkion partidak jokatu zituzten; kategoria horretako bigarren kanporaketaren jardunaldia izan zen atzokoa. Txapelketaren aurreko edizioetan binakakoa izan zen lehia, baina, oraingo honetan, lehen aldiz, esku pilotariak buruz buru ari dira indarrak neurtzen.

Goizez eta arratsaldez, lau eta erdiko 30 partida jokatu zituzten, 10:00etan eta 16:30ean hasita. 22:00ak aldera bukatu zen jaialdia, eta, guztira, hamar pilotari sailkatu ziren hurrengo fasera: Ainhoa Urien (Abadiño, Bizkaia), Uxue Oses (Oñati, Gipuzkoa), Oihana Orbegozo (Azpeitia), Eneritz Arrieta (Azkoitia), Uxue Zubizarreta (Bergara), Oihana Unanue (Azpeitia), Maite Iriarte (Azpeitia), Araitz Eizagirre (Arroa, Zestoa), Maite Tolosa (Amezketa, Gipuzkoa) eta Iratxe Ibarra (Markina, Bizkaia). Azken hori izan zen atzoko pilotaririk onena, eta zuzenean pasatu da finalerdietara.

Herriko bost pilotari aritu ziren atzo lehian, eta horietatik hiru sailkatu dira hurrengo fasera. Aldiz, txapelketatik kanpo gelditu ziren gainontzeko biak: Nagore Aramendi eta Maddi Unanue.

Aurrera egin duten pilotariek azaroaren 11n Lezaman jokatuko den kanporaketan neurtuko dituzte indarrak, eta han ikusiko da finalerdietara sailkatzen diren edo ez. Finala, abenduaren 6an izango da, Sopelan (Bizkaia).