Kataluniako Gobernuko hainbat kideren espetxeratzea gaitzetsi dute Udalak eta 300 inguru herritarrek

Uztarria.eus | Politika | Argazkia
2017-11-03 19:26

Generalitateko agintari politikoak espetxeratu izana salatzeko, elkarretaratze isila egin dute Azpeitiko Udalak eta 300 bat herritarrek, plazan. Udalak deitu du kontzentrazioa, eta 19:00etan hasi da. Ordurako jendetza bildu da udaletxearen aurrean. Elkarretaratzean izan dira, besteak beste, EH Bilduko zein EAJko zinegotziak.

Generalitateak independentzia deklaratu ondoren eta Espainiak 155. artikulua aplikatu ostean, Kataluniako Gobernuko hainbat agintari espetxeratzea erabaki zuen atzo, azaroak 2, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Lamela epaileak. Arratsaldean jakinarazi zuten erabakia, eta Fiskaltzaren eskaera bere horretan onartu ondoren, goizean deklaratzera joan ziren kontseilari guztiak espetxean sartu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hori horrela, giltzapean daude atzo arratsaldetik Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordea, eta Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva, Joaquim Forn, Carles Mundo, Dolors Bassa eta Meritxell Borras kontseilariak.

Era berean, Carles Puigdemont presidentearen eta harekin batera Belgikan egon diren Generalitateko lau kontseilariren kontrako atxilotze agindua eskatu du Fiskaltzak. Espainiako Auzitegi Nazionala gaur da Puigdemonten atxilotzea agindu edo ez erabakitzekoa, baina oraindik ez du ebatzitakoaren berri eman. Kataluniako hedabideen arabera, Puigdemont prest agertu da abenduaren 21eko bozetan zerrendaburu izateko. 

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa