Pentsioei eta gizarte politikei buruzko bi hitzaldi antolatu ditu Munohaundik

Uztarria.eus 2017ko aza. 3a, 12:38
Maite Peña, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamenduko diputatua

Hurrengo ostegunean izango da lehenengo hitzaldia, Gizarte politikak Gipuzkoan dituen erronkak izenpean. Maite Peña diputatuak eta Elena Luquin Gurutze Gorriko ordezkariak eskainiko dute saioa, Baigeran.

Munohaundi elkarteak bi hitzaldi antolatu ditu datozen astetarako, gizarte politikei eta pentsio sistema publikoei buruzkoak.

Lehenengo hitzaldia hilaren 9an, ostegunean, izango da. Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamenduko diputatuak eta Elena Luquin Gipuzkoako Gurutze Gorriko Giza Esku-hartze zuzendairak Gizarte politikak Gipuzkoan dituen erronkak saioa eskainiko dute, euskaraz eta gazteleraz. 19:00etan izango da hitzaldia, Baigeran.

Hilaren 16an, berriz, Pentsio sistema publiko baten etorkizuna hitzaldia entzun ahal izango da Iñigo Barandiaran Espainiako Kongresuko EAJko diputatuaren, Eduardo Garcia Geroa Pentsioak elkarteko ordezkariaren eta Luis Miguel Ugarte Lagun-Aroren gizarte babes sistemaren zuzendariaren eskutik. 19:00etan hasiko da saioa, Sindikatu Zaharreko lehenengo solairuan.