Emakumeen lau eta erdiko txapelketa zapatuan iritsiko da Frontoi Txikira

Uztarria.eus 2017ko aza. 2a, 19:42
Zapatuan jokatuko duten pilotarietako batzuk eta udal ordezkariak, gaur arratsean Berdura plazan egin duten aurkezpenean.

Goizez eta arratsaldez, guztira 30 partida jokatuko dituzte, 10:00etan eta 16:30ean hasita. Azpeitiko bost pilotari ariko dira Lehen Mailako bigarren kanporaketaren jardunaldian: Nagore Aramendi, Oihana Unanue, Oihana Orbegozo, Maite Iriarte eta Maddi Unanue.

Pilotazaleek ez dute aspertzeko betarik izango zapatuan Azpeitian. Emakume Master Cup iritsiko da herrira, emakumeen eskuzko lau eta erdiko txapelketa, eta goiz eta arratsaldez etengabea izango da kirol jarduna Frontoi Txikian. Emakume Master Cupen aurreko edizioetan binakakoa izan da lehia. Oraingo honetan, ordea, lehen aldiz buruz buru neurtuko dituzte indarrak esku pilotariek.

Pilotan eskuz aritzen diren emakume guztiek dute Emakume Master Cupen parte hartzeko aukera, federatutakoek bezala federatu gabekoek. Bi kategoriatan banatuta jokatzen dute txapelketa, Elite eta Lehen Maila. Azpeitian, Lehen Mailako txapelketari dagozkion partidak jokatuko dituzte etzi; kategoria horretako bigarren kanporaketaren jardunaldia da, hain zuzen ere, jokoan izango dena.

Guztira, 30 partida ikusteko aukera izango da Frontoi Txikian. Hamar multzotan banatu dute jardunaldia; multzo bakoitzean hiru pilotari lehiatuko dira, eta multzoko hiruna partida jokatuko dituzte, 18 tantora. Talde bakoitzetik pilotari bakarra sailkatuko da hurrengo kanporaketarako; eta sailkatuen artean onena –tanto gutxien jasotzen dituena– zuzenean sailkatuko da final laurdenetarako.

Goizeko saioa 10:00etan hasiko da, eta 16:30ean arratsaldekoa.

Etxekoak ere lehian

30 dira etzi Frontoi Txikian lehiatuko diren kirolariak, eta aipagarria da eskualdeko pilotarien ordezkaritza zabala. Izan ere, zortzi izango dira guztira Urola Erdikoak. Eta horien artetik gehienak, bost, azpeitiarrak: Nagore Aramendi, Oihana Unanue, Oihana Orbegozo, Maite Iriarte eta Maddi Unanue azpeitiarrak. Araitz Eizagirre eta Naroa Agirre zestoarrak, eta Eneritz Arrieta azkoitiarra ere lehian izango dira.

Final laurdenetarako txartelaren bila, Aramendik Irati Ugalde eta Uxue Zubizarreta izango ditu aurkari D multzoan, 11:30etik aurrera. Oihana Unanue E multzoan ariko da, Nerea Sagarnarekin eta Malen Etxegarairekin, 12:15ean hasita. Orbegozo ere goizez lehiatuko da, F multzoan, 13:00etatik aurrera; Jone Goiri eta Ainhoa Berruete izango ditu aurrean. Arratsaldeko saioan, Iriartek Naroa Iturain eta Naroa Elizalde izango ditu multzokide I taldean, 18:00etatik aurrera. J multzoa egokitu zaio, azkenik, Maddi Unanueri, Maria Apalategirekin eta Ainhoa Urienekin; 18:45ean iritsiko zaie txanda.

Final laurdenak hilaren 11n jokatuko dira Lezaman (Bizkaia).