Erraldoien konpartsa osatzeko herritarren bila ari da Udala

Uztarria.eus 2017ko aza. 2a, 12:14

Azken urteetan zeregin horretan aritu den taldeak uzteko asmoa du, eta horregatik egin dute deialdia. Interesa dutenek udaletxeko erregistroan egin beharko dute izen-ematea, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara.

Erraldoiekin kalejiretan parte hartzeko prest dauden herritarren, taldeen edo kuadrillen bila ari da Azpeitiko Udala. Izan ere, azken urteotan zeregin horretan aritu den taldeak uzteko asmoa du, eta Udalak deialdia egin du, herritarrak erraldoien konpartsa osatzera anima daitezen.

Erraldoiak mugitzeko talde iraunkorra eta arduratsua izatea hartuko dute kontuan, eta erraldoeiekin herriko festetan kalejiran ibili eta dantzatu beharko dute parte-hartzaileek. Bestalde, prest egon beharko dute inguruko herrietara irteerak egiteko, beste udaletxe batzuekin batera izaten dituzten hitzorduetan parte hartzeko.

Interesa dutenek udaletxeko erregistroan egin beharko dute izen-ematea, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara. Informazio gehiago jaso nahi duenak Udaleko Kultura sailera (943-15 70 68) dei dezake.