50 bat autorentzako lur azpiko aparkaleku publikoa egingo dute Alberdienean

Uztarria.eus 2017ko aza. 2a, 11:12
Dagoeneko itxi dute Alberdi Etxea zenaren lekuan egokitutako aparkalekua. (Maialen Etxaniz)

Alberdieneako lur azpiko garajearen lehen solairuan egingo dituzte 50 inguru autorentzako aparkalekuak. Etxe berrien sustatzailearekin hitzarmena sinatu du Udalak, eta modu horretan, 1.611,10 metro koadro dituen lehen solairua eskuratuko du, 415.185 euro ordainduta

Hastear dira Alberdieneako etxe berriak eraikitzeko lanak. Hori dela eta, Alberdi Etxea zenaren lekuan egokitu zuten 30 plazako aparkalekua kenduko dute. Hala ere, etxe berriak amaitzean, Alberdieneako garajearen lehen solairuan aparkaleku publikoa egokituko dutela jakinarazi du Udalak. "Gutxienez" 51 autorentzako aparkalekuak jarriko dituzte.

Hitzarmena sinatu du Udalak eraiki behar dituzten etxeen bultzatzailearekin, eta 415.185 euro ordainduta, 1.611,10 metro koadro dituen lehen solairua eskuratuko du. Aitor Bereziartua zinegotziak esan du hitzarmen hori sinatzea Udalarentzat "garrantzitsua" izan dela, "horrek bermatzen baitu Alde Zaharrean, plazatik gertu, aparkaleku publikoa izatea".

Udalak esan duenez, "inbertsio eta proiektu handiak" abian jartzen ari da Alde Zaharra biziberritzeko eta "herritarrentzako erosketarako zein aisialdirako gune natural bilakatzeko". Bide horretan, azken urteotan plaza berritu eta oinezkotu dutela gogoratu du Bereziartuak, eta ondorioz, "herritarrak elkartzeko gune aproposa" bilakatu dela esan du.