Antzerki laborategia, XXXV. Euskal Antzerki Topaketei ekiteko

Uztarria.eus 2017ko urr. 31a, 15:01
Metrokoadroka taldearen 'Zertarako hegoak' antzezlaneko irudia.

Berrikuntza bezala, helduei zuzendutako egitaraua prestatu dute biharko EHAZEk eta Metrokoadroka Sormen Laborategiak. Sorgintza jarriko dute erdigunean, Pertsonaien iraultza, antzokitik at! lelopean egingo dituzten jardunaldian. Gaurko 18:00ak arte eman daiteke izena.

Berrikuntzekin dator V. Antzerki Eskolen Eguna. Bihar, azaroak 1, iritsiko da herrira, eta horrek zabalduko die atea XXXV. Euskal Antzerki Topaketei. Baina gainerako antzerki emanaldia ez ezik, aretotik at egingo dituzte biharko jardunaldiak, kalean, hain zuzen. 

Sorkuntza izango da Pertsonaien iraultza, antzokitik at! izenburupean prestatutako egitarauaren oinarria. Izan ere, EHAZEk eta Metrokoadroka Sormen Laborategiko kideek helduei zuzendutako antzerki laborategia prestatu dute elkarlanean biharko. Modu horretan, sormena jarri nahi dute erdigunean, pertsonaiak eta antzerkia kalera aterata.

Antzerki laborategian murgildu nahi duten herritarrak 09:30ean elkartuko dira plazan, eta han jasko dituzte egitarauaren inguruko xehetasun guztiak. Ondoren, 09:30 aldera hasita eta 13:00etara bitartean, antzerki tailerra egingo dute. Goizeko saioan ikasitakoa eta prestatutakoa kalera aterako dute ondoren, antzerkia Alde Zaharreko txoko ezberdinetara eramanda. Bukatzeko, parte-hartzaileentzat luntxa izango da Sanagustin kulturgunean. 

Metrokoadroka taldeko Ainhoa Alberdi eta Joseba Roldan aktoreek gidatuko dute prestakuntza saio. Antolatzaileek aurreratu dutenez, "pertsonaia ahaztuen desfilea"  izango da biharkoa. "Parte hartzaileei aurretik sortutako pertsonaia bat ekartzea eskatuko zaie. Bestela, sortu nahi duten pertsonaia eraikitzen lagunduko zaie tailerrak irauten duen bitartean. Ondoren, pertsonaiak aktoreen gorputzez jabetuko dira, aktoreak hil eta antzokietatik kanpo duten bizitzeko askatasuna aldarrikatuko dute".

Izen ematea zabalik

Antzerki fabrikan parte hartu nahi duten herritarrek, gaurko 18:00ak arte dute zabalik izen-ematea. Interesa dutenek info@ehaze.eus helbidera idatzi edo 675-94 57 34 telefonora deitu dezakete. Aurrez izena ematea ezinbestekoa da.