Ostiralean hasiko da 'Ereindako borroketatik iraultza loratuz' hitzaldi zikloa, Gaztetxean

Uztarria.eus 2017ko urr. 31a, 13:22

100 urte bete dira Iraultza Sobietarra piztu zela, eta urtemuga horren harira, hitzaldi zikoa antolatu dute datozen asteetarako. Ostiralean izango da aurreneko hitzaldia. Madrilgo El Salariado webguneko kideek eskainiko dute solasaldia Sindikalgintza iraultzailearen historia. Langile autonomiaren perspektibak izenburupean. Hasieran 18:00etan izatea aurreikusten bazuten ere, azkenean 17:00etara aldatu dute.

Iraultza Sobietarraren mendeurrena da aurten, eta horren karitik, 1917-2017: Ereindako borroketatik iraultza loratuz hitzaldi zikloa prestatu dute Azpeitiko Gaztetxeak, Piztuk, Zestoako Gaztetxeak, Zumaiako Iparrak eta Zarauzko Gaztetxeak, elkarlanean. Langile borroka izango da datozen asteetan eskainiko dituzten solasaldien oinarrietako bat. Datorren ostiralean, azaroaren 3an, eskainiko dute aurreneko solasaldia, Azpeitiko Gaztetxean. 

Madrilgo El Salariado webguneko kideen solasaldiarekin ekingo diote hitzaldi zikloari ostiralean. Horiek Sindikalgintza iraultzailearen historia. Langile autonomiaren perspektibak eskainiko dute, 17:00etan hasita. Hitzaldi zikloaren egitaraua itxi zutenean ordubete beranduago egitea aurreikusten bazuten ere, azken momentuko aldaketak medio aurreratu dute solasaldia. 

Hitzaldi zikloaren antolatzaileek esan dutenez, "100 urte igaro dira errusiar zapalduek saiakera historiko eta heroiko hura egin zutenetik, baina gizakiak oraindik ez ditu metalezko eskuburdinak hautsi". Historiak berak  "historia gogorra eta latza" dela erakusten duela diote. "Hori guztia gure begiekin ikusi eta gure gorputzekin bizi izan dugu, eta hori guztia gure ideia eta gure eskuekin borrokatzen saiatu izan gara 1917an Errusian, 1953an Kuban, 1960-70ko hamarkadetan Italian, 2014ean Gamonalen, eta zer esanik ez Euskal Herrian", esan dute. Horreatik, "esperientzia historiko horien iragan memoriatik" abiatuta eta prestatutako hitzaldi ziklotik, beren "jardunaren noranzko zein norabidea indartzeko elementuak ateratzea" dute xede. 

Ostiralekoaren ostean, azaroaren 8an, asteazkenean, jarraituko dute prestatutako egitarauarekin. Honako hauek dira datozen asteetarako prestatu dituzten hitzaldien ordutegiak eta lekuak.

  • Azaroak 8 asteazken 18:00etan, Matadeixen: Kubako Iraultza. Cheren heriotzatik mende erdira hitzaldia, Iñaki Gil De San Vicenteren eskutik.
  • Azaroak 10, 18:00etan, Zumaiko Torreberri Gaztetxean: Langile boterearen eraikuntza Euskal Herrian. Egungo erronkak hitzaldia, Kolitzaren eskutik.
  • Azaroak 17, 18:00etan,  Zestoako Gaztetxean: Italiako mugimendu autonomoa 60-70 hamarkadetan Andrea Bartoloren eskutik.
  • Azaroak 24,  18:00, Putzuzulo Amets Fabrikan: Gamonaleko gatazka esperientzia eta borroka, komunitatearen eraikuntza auzoan solasaldia Gamonaleko kideen eskutik.

Sobietar Batasunaren inguruko mintegiak, abendurako

Azaroa amaitzean, gaiari helduko diote berriro Azpeitiko Gaztetxean. Izan ere, Sobiertar Batasunaren inguruko mintegiak antolatu dituzte abenduaren 1erako eta 2rako. Aimar Uribesalgo eta Jon Kortazar izango dira gonbidatuak.

Abenduaren 1ean fanzine erakusketa izango da Azpeitiko Gaztetxean, eta jarraian, 18:30 aldera, Leninen estatua eta iraultzaren gaineko eztabaida solasaldia eskainiko du Aimar Uribesalgok. 21:00etan afaria egingo dute eta 22:00etarako Maxuxta Leninista poesia emanaldia prestatzen ari dira. Abenduaren 2an, egun osoarako egitaraua prestatu dute. 11:00etan hasita, 1917-21 sobietar langile botere erreal bezala, estatu artikulazioa eta gerra komunismoa hitzaldia eskainiko Jon Kortazarrek. Ondoren, 14:00etan, bazkaltzeko tartea hartuko dute, eta arratsaldean jarraituko dute mintegiekin. 17:00etan Aimar Uribesalgok eskainiko du Sobietar Batasunari kritika ikuspegi ekologistatik hitzaldia.