Tapoi bilketa kanpaina jarri dute martxan gaixotasun arraroen ikerketan sakontzeko

Uztarria.eus 2017ko urr. 31a, 12:47
Azpeitiko, Zestoako eta Lezoko udaletako ordezkariak eta Elkartasuna eta Itxaropena elkarteko lehendakaria, kanpainaren aurkezpenean.

Elkartasuna eta Itxaropena elkarteak jarri du martxan kanpaina, Azpeitiko, Zestoako eta Lezoko udalen laguntzarekin. Tapoiak biltzeko hiru edukiontzi jarri dituzte herrian: igerilekuan, plazan eta liburutegian. Sergio Gomez gaixotasun arraroei laguntzeko elkarteko lehendakariak eskerrak eman dizkie herritarrei eta udaletako ordezkariei, emandako laguntzagatik.

Elkartasuna eta Itxaropena gaixotasun arraroei laguntzeko elkarteak kanpaina berria jarri du martxan, Azpeitiko, Zestoako eta Lezoko udalen laguntzarekin. Atzo aurkeztu zuten kanpaina Azpeitian, eta aurkezpen ekitaldian izan ziren Sergio Gomez elkarteko presidentea, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Estitxu Elduaien Azpeitiko Udaleko zinegotzia, Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea, Tomas Odriozola Zestoako Udaleko zinegotzia, Enrike Figeroa eta Noemi Arberes Lezoko zinegotziak zein Forum Sporteko Fran Porres.

Gaixotasun arraroen ikerketan sakontzeko helburuarekin jarri dute martxan egitasmoa; hain zuzen ere, tapoi bilketarekin lortzen duten dirua ikerketara bideratuko dute. Tapoiak biltzeko edukiontziak Azpeitiko  igerilekuan, plazan eta liburutegian jarri dituzte. Gainera, elkarteko lehendakari Sergio Gomezek gogorarazi du, biltzen dituzten tapoi guztiak Azpeitiko Lapatx zabortegian gordetzen dituztela udalari esker. Tapoi tona batzuk jasotakoan, enpresa bati saltzen dizkiote horiek.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak esan duenez, kanpainarekin Elkartasuna eta Itxaropena elkartea lagundu nahi dute. "Gaixotasun arraroei laguntza emateko elkarteak, batez ere, ikerketan sakondu nahi du, eta udalak keinu bat egin nahi izan du. Horregatik jarri ditu edukiontziak herrian, eta herritarrak horietan tapoiak uztera gonbidatzen ditugu. Keinu txiki batekin adierazi daiteke elkartasuna, eta uste dut oso garrantzitsua dela denok kontzientzia hartzea, gaixotasun arraroak dituzten pertsonei laguntzeko".

Sergio Gomez elkarteko kideak eskerrak eman dizkie kanpainaren aurkezpenean izan diren udaletako ordezkariei, Gipuzkoako herritar guztiei eta gaixotasun arraroen ikerketan murgilduta dabiltzan Biodonostiari eta Biocrucesi. Gomezek tapoi bilketaren garrantziaz ohartarazi du, eta herritarrei dei egin die kanpainan parte har dezaten..