Pentsio duinen aldeko aldarria plazara eraman du Duintasunak

Uztarria.eus 2017ko urr. 31a, 11:16

Duintasuna Gipuzkoako pentsiodunen elkarteak deituta, dozenaka lagunek elkarretaratzea egin dute plazan "gutxieneko pentsio duina" eskatzeko. Duintasunak Eusko Jaurlaritzak bermatutako gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea aldarrikatzen du, eta elkarteko kideek salatu dute pentsiodunek sei urte daramatzatela "erosteko ahalmena galtzen: "Batez besteko %6,5 galdu dugu, eta Mariano Rajoyren gobernuak 2020 urtera arte, urtero %0,25eko igoera ezartzeko asmoa du, antza". 

Era berean, azpimarratu dute pentsiodunen asko eta askok "diru sarrera bermatzeko errentari esker" lortzen dutela "gutxiengo duintasuna", eta pentsiodun bakoitzak 1.080 euroko pentsioa jasoko balu egoera ezberdina izango zela esan dute.  

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2015eko uztailean pentsio sariaren batez bestekoa 1.099 eurokoa izan arren, "pentsiodunen gehiengoa ez dela kopuru horretara iristen" gogoratu dute Duintasunekoek. "Adin handiko pertsona asko eta askoren pentsioak pobrezia egoeran bizitzera eramaten ditu, eta bereziki emakumezkoek pairatzen dute egoera larriena".