Gaztetxeko kideek ere babesa agertu diote Eneko Ibarguren 'Kurku'-ri

Uztarria.eus | Politika | Argazkia
2017-10-29 19:13

Azpeitiko Gaztetxeko hainbat kidek "elkartasun osoa" adierazi diete Eneko Ibarguren Kurkuri eta gainerako 48 auzipetuei. Izan ere, epaiketaren datarik ez badago ere, fiskalak zigor eskaera gogorrak egin ditu Herrirako, Etxerateko nahiz Jaiki Hadiko kideentzat eta abokatuentzat, eta tartean da azpeitiarra.

Herrirako kidea zen Ibarguren, eta 2013ko irailaren 30ean atxilotu zuen Guardia Zibilak elkarte horren aurka egindako operazioaren barruan. Talde terroristako kide izatea eta terrorismoa goratzea leporatu diote Ibargureni, eta 13 urte 6 hilabeteko espetxe zigor eskaeraz gain, 4.800 euroko isuna eta gaitasungabetzea galdegin du fiskalak azpeitiarrarentzat.

Horren aurrean, Gaztetxeko kideek esan dute elkartasuna antolatzea "erreprimitu" nahi duela Espainaiko Estatuak. "Tamainako erasoen aurrean herri presioz eragitea dagokigu herri zein eragile sozial orori, auziperatu guztien absoluzioa galdeginez eta epaiketa horren errora joaz, preso zein iheslari politikoekiko elkartasuna biderkatuz". Gainera, Gaztetxeko kideek gogorarazi dute oraino ehundaka preso politiko direla dispertsatuta.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa