Iñaki Errazkin: "Ausarkeria handiak eskarmentu handia merezi du, eta mezu hori gure bidez bidali nahi dute"

Gipuzkoako Hitza 2017ko urr. 27a, 12:55

Errauste planta gelditzea "ondo oinarrituta eta juridikoki zein teknikoki justifikatuta" zegoela diote, baina uste dute erabaki hark min egin zuela eta hori ordainarazi nahi dietela. Gipuzkoako Hitzak Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohia eta Ainhoa Intxaurrandieta GHK-ko lehendakari ohia elkarrizketatu ditu.

Joan den astean erabaki zuen Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko batzarrak —EAJk eta PSE-EEk dute gehiengoa— Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohiari (Azpeitia, 1975) eta GHK-ko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandietari (Lezo, 1973) Estatuko Kontu Auzitegian salaketa jartzea. Bilduren agintaldian errauste plantaren proiektua geldiarazteak eragindako kalte ekonomikoa —41 milioi euro direla kalkulatu dute— beren gain hartzea nahi du GHK-k.

Espero zenuten salaketa hau? Nola hartu duzue?

Iñaki Errazkin: Erabakia hartu genuen unetik behin eta berriro esan digute hori ez dela dohainik aterako. Salaketak ez nau harritu, baina, agian, momentuak bai.

Ainhoa Intxaurrandieta: Horrek harritu nau ni ere. Duela lau urte hartutako erabaki bat da; zergatik orain? Nire ustez, abisu bat da hau: ez ukitu gure negozioak. Ondorengo legegintzaldietan inori ez bururatzeko beraien negozioak eta kontratu potoloak ukitzea.

I.E.: Ezin dute eragotzi guk hauteskundeak irabaztea; saia daitezke, baina ez dago euren esku. Hori bai, gertatuko balitz, argia da hurrengoentzako mezua: kontuz non sartzen zaren! Kudea dezakezu, baina agindu ez.

GHKren batzarrean hartutako erabakia izan zen. Nola hartu duzue zuen bion kontra joatea?

I.E.: Gu agertu ginen errauste planta gelditu zeneko argazkian, eta irudi horri egiten zaio eraso, gauzak beste modu batera egiteari, beraien asmoak geldiarazteko ausardiari. Kontratua eteteko erabakia administratiboa izanik eta demanda Kontu Auzitegian aurkezten denez, ekintza administratiboei eragin beharko lieke, eta erabakia GHKren administrazio kontseiluak eta batzarrak hartu zuten, gehiengoz.

A.I.: Irudi horrek min eman zien. Erakutsi genuen gauzak beste era batera egin daitezkeela.

I.E.: Eskarmentua emateko nahia ere badago. Ausarkeria handiak eskarmentu handia merezi du, eta mezu hori gure bidez bidali nahi dute. Alegia, beraien marra gorriak gainditzera ausartzen bazara —eta errauste planta marra gorri bat zen—, eskarmentua izango duzu.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzan.