Kepa Urbieta: "Lanean jarraituko dugu Annapurna II 1986 proiektua osatzeko behar ditugun 24.500 euroak lortzeko"

Uztarria.eus 2017ko urr. 26a, 21:18
Kepa Urbieta Paradisu Zinemako eta Kulturazeko kidea. (Maialen Etxaniz)

Annapurna II 1986 proiektuaren sustatzaileek bidearen erdia egin dute: 10.000 euro pasatxo lortu dituzte. Aurreneko helburua beteta, beste 40 egun dituzte aurretik 24.500 eurora iristeko. Abendura bitartean, kalean zein sarean lanean jarraituko dute Paradisu Zinema zineklubeko eta Kulturaz kooperatibako kideek. Tartean da Kepa Urbieta (Azpeitia, 1981), eta edozein ekarpen ongietorria izango dela adierazi du.

Aurreneko erronka bete duzue, 10.000 eurora iristea. Eta orain, zer?

Bai, hala da. Lortu dugu jarritako lehen helburua, eta gustura gaude, baina oraindik bidea ez da amaitu. Proiektua osorik egin ahal izateko, hau da, 1986an grabatutako dokumentala digitalizatzeko eta bigarren bat egiteko, 24.500 euro behar ditugu gutxi gorabehera. Oraindik bidearen erdia egin dugu, beraz. 

Oro har, zer balorazio egiten duzue orain artekoaz? 

Pozik gaude, eta oraindik ia 40 egun ditugu aurretik lanean jarraitzeko. Baina egia da aurreneko etapa ez dela guk nahi bezala joan. Kanpaina abiatu genuenean, sostengu ekonomikoa lortzeko bi bide zabaldu genituen. Alde batetik, matchfundinga. Hori Goteo plataformak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Meta mikromezenasgo proiektuaren barruan abiatu zuen finantzaketa kolektiboa da. Horri esker, Internez bidez jasotzen dugu diru-laguntza. Beste aldetik, dirua lortzeko bestelako ekintza batzuk egiten hasi ginen gure kabuz. Bigarren modu horretan lortutako dirua finantzaketa kolektiboaren bigarren fasean jarri nahi genuen, behin 10.000 euroak lortu ostean, alegia. Baina 4.000-5.000 euro lortu genituenean, bazirudien kopuruak ez zuela gora egingo. Orduan, proiektuari bultzada emate aldera, bigarren fasean jarri behar genuen dirua aurreratu genuen. Pixkanaka ekarpenak jasotzen jarraitu genuen, eta azkenean iritsi ginen 10.000 euroetara. Orain, lanean jarraituko dugu Annapurna II 1986 proiektua osatzeko behar ditugun 24.500 euroak lortzeko. Domusak eta Kulturaz kooperatibak ekarpenak egin dituzte, eta asko eskertzen diegu emandako babesa.

Zein ate jo dituzue laguntza eskatzeko? 

Hasieran, Goteo jarri genuen martxan, eta kamisetak zein txapak ipini genituen salgai. Orain, herriko soziedadeetara jo dugu. Harremanetan jarri ginen haiekin, ea bultzadatxoa ematen ziguten. Oso erantzun ona jaso dugu oraingoz. Izan ere, lau soziedadek, Oilo-sorok, Inpernuk, Txalintxok eta Ardozaleakek, lagundu gaituzte diruz. Beste elkarte batek ere agertu du interesa, eta lagunduko digula aurreratu digu. Pozik gaude, beraz. Orain, berriro piztu behar dugu jendearen grina.

Zailtasunik topatu al duzue bidean?

Bai. Matchfoundinga Internetez egin behar da, eta dirua eman nahi duen pertsonak helbide elektroniko bat behar izateaz gain, erregistratu ere egin behar du, eta horrek zailtasunak ditu adin batetik gorako jendearentzat. Herritar askok esan digute hori. Gainera, ikusi dugu orain arte lortu dugun diru gehiena eskura lortu dugula. Hau da, Sanagustin tabernan, jarri ditugun postuetan, urdaiazpiko mozketetan edota kamisetak zein txapak salduta. Horregatik, uste dugu kalean presentzia handiagoa izan behar dugula.

Zein urrats emango dituzue aurrerantzean? 

Abendura arteko epea dugu helburua betetzeko, eta ez gara geldirik egongo. Jarraituko dugu postua jartzen eta jendearekin hitz egiten. Ikusten duguna da jendearen eskura jarri behar garela, ekarpena Internet bidez egin nahi ez dutenek ere laguntzeko aukera izan dezaten. Azpimarratu nahi duguna da edozein ekarpen dela ona guretzat.

Posible ikusten al duzue gailurrera iristea?

Bai, aukerak ditugula uste dugu, sinesten dugu, behintzat. Meta proiektuan hasi ginen hogei proiektuetatik bost atzera geratu dira, eta diru poltsa handi bat gelditu da hor. Beraz, aukera errealak ditugu gehiengo kopurua lortzeko. Horretatako, herritarren 7.000 euro behar ditugu gutxi gorabehera. Kontua da, Gipuzkoako Foru Aldundiak diru poltsa bat jartzen duela Meta proiektura aurkezten diren egitasmoentzat. Hau da, jendeak ekarpena egin ahala, beste horrenbeste diru jartzen du hark. Aurreneko faserako, proiektu bakoitzari 3.500 euro zegozkion gehienez. Labur azalduta, guk aurreneko fasean lortutako 10.000 euro horietatik 6.500 euro jarri dituzte herritarrek, beste 3.500 euroak Foru Aldundiak jarri ditu, jendearen ekarpenengatik. Bigarren fase honetarako diru-poltsa bete samar geratu da eta eta hustu arte edo 40 egun horiek bukatu arte egingo du ekarpena Foru Aldundiak. Optimoraino iristeko aukera, beraz, badagoelakoan gaude. Horregatik, dei egin nahi diogu jendeari beren alea jar dezan, tantaz tanta, pausoz pauso, tontorrera iritsi ahal izateko.