Urteurrena, rock zaleak elkartzeko aitzakia

Uztarria.eus 2017ko urr. 26a, 17:19
Jon Alberdi, Etxe Zuri taberna aurrean. (Ane Olaizola)

Etxe Zuri tabernaren 20. urteurrenean, handik sortutako eta aspaldi jo gabeko bi taldek eskainiko dute kontzertua: Elvisavuelok eta White House Familyk. Larunbatean izango dira emanaldiak, 23:00etan, Perez Arregi plazan.

Rockaren erregeari gorazarre egin eta haren abesti ezagunak taularatzeko buru-belarri ari dira prestatzen azken hilabeteetan Iñigo Zubeldia, Josu Azkue, Jon Alberdi, Josu Zubizarreta Lobo, Balta Etxeberria, Angel Azkue Piti eta Olatz Prat. Izan ere, bi urteko etenaren ostean, Elvisen abestiekin gozatzeko aukera izango da larunbatean, haren bertsioak egiten dituen Elvisavuelo Azpeitiko taldeak kontzertua eskainiko duelako Perez Arregi plazan.

Etxe Zuri tabernak 20 urte bete ditu egungo jabeekin, eta urteurrena ospatzeko, festa eguna antolatu dute larunbaterako. Taberna horrekin duten loturaren harira izango dira Elvisavuelo eta White House Family taldeen kontzertuak, 23:00etan. "Etxe Zuritik sortutako taldeak dira biak, eta urteurrenaren festan kontzertua ematera gonbidatu gintuztenean, gustura hartu genuen", dio Jon Alberdik, Elvisavueloko eta White House Familyko gitarra jotzaileak eta abeslariak.

Azkenengoz, Azpeitiko 2015eko santioetan eskaini zuen Elvisavuelok kontzertua. Orduan, gospel formatuan entzun ahal izan ziren Elvisen abestiak, baina, larunbateko saiorako, taldearen hasierako egiturara jo dute. Taldea bi urte eta gero elkartzeak abestiak nahiz taldekideak egungo egoerara egokitzea eragin duela adierazi du Alberdik, baina entseguetan, hasierako garaiekiko "xarma" eta larunbaterako "gogoa" dagoela sumatu du. "Egindako gauzak errepikatzeko gogoarekin gaude".

 

 

"Betidanik" da Alberdi Etxe Zuriko bezeroa eta kidea, eta etziko emanaldia "berezia" izango da berarentzat. Baxua, gitarrak, bateria eta teklatuak bi taldeetan pertsona berberek jotzen dituzte, eta, beraz, bi kontzertu eskainiko ditu Alberdik. Emanaldiez galdetuta, aurreratu du White House Familyren kontzertuan izango dela ezustekorik, eskainiko dituzten abestien karakterizazioak egingo dituztelako. Talde eta artista ezagunen bertsioak egiten ditu taldeak, eta, hala nola, Blur, Placebo, The Cure, Van Morrison, Red Hot Chili Peppers, Bruce Springsteen eta Kuraia taldeen abestiak taularatuko dituzte. Gainera, hainbat kolaboratzaileren laguntza izango dute kontzertuan, eta bakoitzak bere estiloarekin bat egiten dituen abestiak eskainiko ditu.

2006an sortutako taldea da Elvisavuelo, eta 2015era bitartean kontzertu ugari eskaini zituen han-hemenka. Aurretik, ordea, White House Family taldea sortu zuten haietako batzuek; guztiak ere Etxe Zuri tabernako kideak. "Gabon batzuetan, bertsioen kontzertua eman genuen tabernan, eta izugarrizko ezustea izan zen guztientzat. Guretzat ere hala izan zen, ez genuelako uste halako arrakastarik izango genuenik. Oso gustura geratu ginen guztiok, eta jarraitzea pentsatu genuen". Izan zuten harrera ikusita, beraz, ondorengo urteetako Gabonetan ere eskaini izan zituzten kontzertuak.

Larunbatean, lehenengo aldiz, taberna barrutik kanpoaldera aterako da White House Family, eta, ondoren, rockaren izarraren ahotsa iratzarriko dute, ordu gutxi batzuez izango bada ere. Izan ere, Alberdik ez du uste azken talde honek behintzat jarraipenik izango duenik. "Ez dugu taldearen jarraipenaz hitz egin, baina gurekin nork daki...".