GazteArt proiektuko argazkigintza tailerrean egindako lanak ikusgai, Sanagustinen

Uztarria.eus 2017ko urr. 26a, 15:49

Erasmus + truke programaren barruan, GazteArt proiektua jarri dute martxan aurten aurrenekoz. Sormen artistiko-plastikoaren edo artistiko-grafikoaren ezagutzan sakontzeko asmoarekin abiatu zuten GazteArt proiektua Azpeitiko Udalak, Azpeitiko Kultur Mahaiak, Zizurkilgo Udalak eta Napoliko (Italia) ENNEA elkarteak. 

Zazpi azpeitiarrek, azkoitiar batek eta lau zizurkildarrek jaso zuten Napoliko gazteekin batera truke programan parte hartzeko beka. Hamabi gazte italiarrak, urriko bigarren astean izan ziren Euskal Herrian, eta egonaldiak iraun zuen bitartean hainbat ekintza egin zituzten. Azpeitira egin zuten bisitan, esaterako, argazkigintza tailerra jaso zuten Jon Andoni Martin argazkilariaren eskutik, Dinamoa sormen gunean. Ikastaroan ikasitakoarekin egin zituzten lanak ikusgai jarri dituzte gaur, osteguna, Sanagustin kulturgunean.