Eneko Larrañaga: "Energia berezia du, eta entzun orduko erakarri ninduen korak"

Urola Kostako Hitza 2017ko urr. 26a, 13:34
Enekora taldeko kideak. (Enekora)

Ikus-entzunezko bat ardatz duen emanaldiarekin aurkeztuko du 'Maitatzea nahiago' lana Enekora taldeak bihar, Azpeitiko Soreasu antzokian, 20:00etan. Enekora taldeak bihar aurkeztuko du disko berria, eta lan hori "etxean eta etxekoen artean" ereindako hazia dela esan du Eneko Larrañagak (Zestoa, 1982). Izan ere, harekin batera oholtzan izango dira Idoia Larrañaga arreba eta azken horren bikotekide Andres Insua, eta beste hainbat musikariren laguntza ere izan dute diskoa ontzerakoan. Eneko Larrañagarekin hitz egin du Urola Kostako Hitzak.

Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?

Gaztetxoa nintzela piztu zitzaidan pasioa, anaia zaharrenak, Aitorrek, gitarra elektrikoa erostean. Halako instrumentu bat etxean sartzea sekulakoa izan zen. 12 urterekin hasi nintzen saltseatzen eta hala ikasi nuen.

Afrikar jatorria duen kora nola ezagutu duzu?

Hari instrumentu desberdinak jo izan ditut, eta, gerora, perkusio ikastaroetara joaten ginen maisu afrikarrekin. Gironako (Katalunia) saio batean kora jotzen zuen maisu ginear bat ezagutu nuen, 2005ean. Instrumentu hark entzun orduko erakarri ninduen. Soinu berezia du, eta izugarri gustatu zitzaidan. Maisuak berak egiten zituen korak, eta bat egiteko eskatu nion.

Afrikako kalabaza erdi batekin egiten da kora. Berezia da, ezta?

Bai, oso konplexua eta sinplea da, aldi berean. Duen tamaina handiagatik, harrigarria da zuhaitzetan ateratzen den fruitua izatea. Malin oso ugaria da. Kalabaza erdiarekin erresonantzia kaxa egiten da, eta Afrikako ahuntzaren larruarekin estaltzen da. Egurrezko mastil bat du, eta nylonezko 21 soka.

Zer berezitasun ditu korak?

Arpa afrikarra da, eta soinu, harmonia eta energia oso goxoak sortzen ditu. Neure kabuz ikasi dut kora jotzen, eta jotzen ditudan instrumentuen artean konplexuena eta zailena da.

Urola Kostako Hitzaren webgunean irakur daiteke elkarrizketa osoa.