Ibon Iparragirreren egoera salatzeko giza katea egingo dute bihar

Uztarria.eus 2017ko urr. 26a, 13:32

Bihar hileko azken ostirala izanik, herritarrak mobilizatzera deitu ditu Sarek. Ibon Iparragirre presoaren "egoera larria" salatzeko eta haren askatasuna eskatzeko giza katea irudikatuko dute, plazan. 

Bihar, urriak 27, hileko azken ostirala izango da, eta hilero Sarek egin ohi duen bezala presoen eskubideen alde elkarretaratzea deitu du. Biharko hitzordua berezia izango da, ordea. Izan ere, Ibon Iparragirre presoaren askatasuna eskatzeko eta haren egoera larria salatzeko giza katea irudikatuko dute, plazan, 19:00etan hasita.

Sarek adierazi duenez, garrantzia berezia izango dute biharko protestak. Hiesa du preso ondarrutarrak, eta haren "berehalako" askatasuna eskatuko dute. Azaroaren 11n Iparragirreren askatasuna eskatzeko giza katea egingo dute Basaurin, eta hara joateko deia ere egin du Sarek.