Uholdeen arriskua saihesteko, Urola ibaiko harriak eta lokatza kentzen hasi da Udala

Uztarria.eus 2017ko urr. 25a, 17:04

Uholdeen arriskua saihesteko, Urola ibaiko zenbait puntutan harriak eta lokatza kentzen hasi da Udala. Ibaia garbitzeko hainbat eskaera egin dizkio Udalak Ura agentziari, eta oraingoz lau gune garbitzeko baimena lortu du. Hala, gaur hasi dituzte lehen lanak Azoka Plazaren azpian.

Halere, Udalak uste du lan horiek ez direla nahikoa. Izan ere, Udalak azaldu du jakitun dela ibaiaren hainbat puntutan gain begetazioa eta harrien pilaketak sortzen direla, eta ibaiak ur asko dakarrenean, horrek arazoak sortzen dituela. Horregatik, ibaien ardura duen Gipuzkoako Urak agentziari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari "hilabete luzez" zubietako begiak garbitzeko eta gain begetazioari irtenbidea bilatzeko eskaerak egin dizkio: "Guk ikusten dugu beharra, eta herritar asko ere etorri izan dira udaletxera ibaiko harriak eta begetazioa gehiegizkoa direla esanez, kezkatuta. Baina legez ibaiak ezin ditu Udalak garbitu; horretarako, Ura agentziaren eta aldundiaren baimena behar dira. Izan ere, legearen arabera, fauna eta flora basbeteko ezin da begetazioa nahi bezala kendu", adierazi du Aitor Bereziartua Ingurumen batzordeburuak.

Harrien eta lokatzen garbiketa martxan jarrita, ibaiko beste hainbat puntutako zuhaitzen eta begetazioaren inguruan hitz egiteko eta neurriak hartzeko azaroan berriro bilduko da Udala Ura agentziako arduradunekin: "Guk ere ibaiko fauna eta flora babestearen alde egiten dugu, baina negua dator, euria egingo du, eta uholde arriskurik ez izateko hartu beharreko neurri guztiak hartu nahi ditugu", adierazi du Bereziartuak.

(Argazkia: Azpeitiko Udala)