Iruñean aurkeztu dute 'Pasaiako badia' dokumentala

Uztarria.eus 2017ko urr. 25a, 13:39

Atzo iluntzean aurkeztu zuten Pasaiako badia dokumentala Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan. Xabier Otamendik, Yuri Agirrek eta Erik Aznalek egindako ikus-entzunezkoaren estreinaldian jendez leporaino bete zen aretoa, eta bertaratutako herritarrek laudorio hitzak izan zituzten egileentzat –Ahotsak egindako bideoan ikus daitezke herritarren iritziak–. Pasaiako badiaren hiru emanadi eskainiko dituzte asteburuan herrian, eta ostegunean izango da aurreneko saioa. Aurkezpen emanaldi horretan izango dira Agirre, Otamendi, Aznal eta Pasaiako segadan hildakoen senideak. Igandean eta astelehenean ere emango dute ikus-entzunezkoa Soreasu antzokian.

1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian jazotako gertaera du oinarri dokumentalak; izan ere, egun hartan Espainiako Poliziak Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrak hil zituen Pasaiako badian.

Pasaiako segadaren auziari behin eta berriz itxi dizkiote ateak Euskal Herriko nahiz Espainiako epaitegietan. Auzia 2016ko otsailean artxibatu zuen Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak, "deliturik ez zuelako frogatu". Horren aurrean, ikerketa artxibatzearen aurka eta "heriotzak ikertzearen alde", helegite bana jarri zuten hildakoen senideek eta Azpeitiko Udalak, 2016ko otsailean. Helegite horiek ere atzera bota zituen Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak iazko azaroan, eta erabaki horren aurka babes helegitea jarri zuen Udalak joan zen martxoan Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Gaur-gaurkoz, ez dago epaitegi horren erantzunik, baina babes helegitea aurkeztu zuenean, udalak esan zuen prest zegoela kasua Giza Eskubideen Europako Auzitegira eramateko.

Ahotsa hedabideak dokumentalaren atzoko aurkezpenaz bideoa egin du.