Berrikuntzekin dator XII. Libre Ardo Dastaketa Eguna

Uztarria.eus 2017ko urr. 24a, 19:15
XII. Libre Ardo Dastaketa Eguneko eta V. antolatzaileak eta laguntzaileak. (Maialen Etxaniz)

Aurrenekoz, ordu erdiko bi dastaketa komentatu antolatu dituzte zapaturako. Mikel Garaizabal enologoak eskainiko ditu saio horiek. Bertan parte hatzeko ez da aurrez izena eman beharko, baina plazak mugatuta daude. Aurten, 21 upategitako edariak dastatzeko aukera egongo da. Euskal Herriko V. Txorizo Egosi Lehiaketa ere iritsiko da herrira, eta bertan lehiatuko dira 32 harategitako txorizoak. 

Zapatuan, hilak 28, ardoa, txakolina eta txorizoa izango dira protagonistak, plazan. Izan ere, hamabigarrenez, Libre Ardo Dastaketa Eguna ospatuko da bertan, 11:30ean hasita. Azken bost urteetan egin bezala, Euskal Herriko Txorizo Egosi Lehiaketa ere jokatuko da. 

Berrikuntza gisa, aurten bi dastaketa komentatu eskainiko dituzte Azoka Plazan. Horiek gidatzeaz Mikel Garaizabal enologoa arduratuko da. Aurreneko saioa 12:00etatik 12:30era eskainiko du Garaizabalek, eta Getariako eta Bizkaiko hiru txakolin probatzeko eta haren inguruko azalpenak jasotzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bigarren dastaketa komentatua 13:00etan hasiko da, eta bertan, Arabar Errioxako ardoa dastatuko dute parte-hartzaileek. Elorrioko Sommelierrak 700dik gora dastaketa saio, ikastaro eta txosten eman ditu dagoeneko. 

Dastaketa komentatuan parte hartu nahi duten herritarrek ardo kopa erostean eman beharko dute saioetarako izena, eta ez dute aparteko dirurik ordaindu beharko. Saio bakoitzean, gehienez, 30 lagunek har dezakete parte.

Hazi fundazioaren eta Udalaren arteko lankidetzaren harira antolatu dituzte dastaketa komentatuak, "bertako produktuei balioa emateko". Horrela azaldu du Alain Sabalza Azoka Plazako dinamizatzaileak: "Modu atseginean bertako ardoaren inguruko kultura herriratzea da xedea. Horregatik, Bizkaiko nahiz Getariko txakolinak eta Arabar Errioxako ardoa dastatzeko aukera eskainiko dugu". 

21 upategitako edariak eta 32 txorizo ezberdin

Arabar Errioxako, Nafarroako, Asturiasko, Dueroko Erriberako nahiz Australiako 21 upategitako edariak dastatzeko aukera egongo da 11:30etik 14:30era bitartean. Zigor Odriozolak, Odriozola ardoakeko ordezkari eta txapelketaren antolatzaileak azaldu duenez, "ardo txuriaren aldeko joera areagotu egin da", eta horregatik, aurten ardo zuri "dezente" eramango dituzte plazara. Bost eurotan ardo kopa eta bost ardo hartzeko txartelak eskuratu ahal izango dira.

Azpeitiko Libre Dinamikako kideak arduratuko dira postuetako ardoa ateratzeaz. Imanol Amenabarrek taldearen izenean eskerrak eman dizkio Udalari egun horretan parte hartzeko aukera emateagatik: "Plazera da guretzat Ardo Dastaketa Egunean gure alea jartzea, eta Udala eskertu nahi dugu egun horretan plazan presentzia izateko aukera emateagatik. Izan ere, ezin da ahaztu gaur egun oraindik herriko hainbat kide auzipetuta daudela, eta Orkatz herriko taberna enbargo egoeran dagoela, herriko tabernen aurkako auziaren harira".

V. Txorizo Egosi Lehiaketarako 32 harategik eman dute izena, iaz bezala. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako harategiek hartuko dute parte. Lehiakide bakoitzak bi kilo txorizo aurkeztuko dute lehiaketara, eta txorizo pintxoak banatzeaz Gaixo eta Elbarrien Aisialdi Taldeko kideak arduratuko dira. Horientzat izango da pintxoak salduta irabazitako dirua. Txorizo egosi pintxoa euro bat ordaindu beharko da eta txorizoa patatekin nahi duenak 2 euro ordaindu beharko ditu. Bost gaztandegik ere jarriko dute postua zapatuan, plazan.

Valentin Odriozola harakina ere aritzen da txapelketaren antolaketa antolatzen, eta hark azaldu du epaimahaikideek honako ezaugarri hauek hartuko dituztela kontuan txorizorik onena aukeratzerako garaian, besteak beste: zabalera, pikatua eta piper-hautsa. Zaporea eta egosi ondorengo txorizoaren kolorea eta itxurari ere erreparatuko diete epai-mahaia osatuko duten bost lagunek. Tartean da Beatriz Larrañaga sukaldari azpeitiarra. Hark esan du "zaila" izaten dela txorizorik onena aukeratzea, eta "denbora asko" ematen dutela horretan. "Iaz, esaterako, dastatu genuen azken txorizoak irabazi zuen lehiaketa", kontatu du. 

Txorizo lehiaketan parte hartzen duten aurreneko hiru sailkatuak sarituko dituzte. Lehenak, txapela eta Mikel Sanjuan tailugileak egindako garaikurra eskuratuko ditu. Bigarrenak eta hirugarren, berriz, Udalaren garaikurra jasoko dute, eta txapelketara aurkezten diren harategi guztiek diploma bana emango zaie".