Seamus Heaneyren poema antologiaren itzulpena aurkeztu du Xabi Bordak

Uztarria.eus 2017ko urr. 24a, 17:49

Munduko Poesia Kaierak proiektuaren barruan, hiru egileren poema bildumak aurkeztu dituzte gaur goizean Donostiako Liburutegi Zaharreko sotoan. Chuya Nakahara, Rosalia de Castro eta Seamus Heaney poeten antologiak euskarara ekarrita argitaratu ditu Susa literaturak, eta lan horiek Hiromi Yoshidak (Yuzawa, Japonia, 1960), Koldo Izagirrek (Pasaia, 1953) eta Xabi Bordak (Azpeitia, 1981) itzuli dituzte, hurrenez hurren.

Ez da Bordak argitaratzen duen lehen lana. Izan ere, bi poesia liburu eta biografia bat idatzi ditu azpeitiarrak: Birika zatiak (2004, Susa), Gulliverren lokarriak (2009, Elkar) eta Jotakie, Urolan pop (2006, Paper Hotsak). Lanetako beste bat Yoshidak egin du. Jaiotzez japoniarra da, baina lotura estua du Azpeitiarekin. Izan ere, 1995etik ia urtero izaten da Azpeitian.

Hiru sortzaileren poema antologiak Munduko Poesia Kaierak bildumaren udazkeneko argitaraldian kaleratu dituzte. Beñat Sarasola da proiektuaren zuzendaria, eta 2014ko martxoaz geroztik, urtero, udaberrian eta udazkenean hiruna kaiera argitaratzen ditu Susak.